«Lehen, tatuajea betiko zen; orain, esanahi hori guztiz galdu du» CC BY-SA  — Tinta jotzen duen laser baten laguntzaz, Victoria Lasterra Quitatoo enpresaren jabeak (Iruñea, 1970) damutuen larruko tatuajeak desagerrarazten ditu. Tribalak, maitagarriak, bikotekideen izenak... Lasterrak tinta partikula horiek ezabatzen ditu azaletik. Iruñeko Quitatoo enpresak hamar urte bete ditu. Zein izan zen kendu zenuen lehendabiziko tatuajea? Bezero batek 1980ko hamarkadan besoan egin zuen deabru bat. Nola funtzionatzen du laserrak? Laser fotoakustikoa da. Horrek zera esan nahi du: tintarik ez dagoen eremu batean ematen badut laserra, ez du erreakzionatzen. Tinta detektatzen duenean, indarrez jotzen du, eta tinta partikula txikitan disolbatzen da. Sistema linfatikoak gernutik ezabatzen ditu partikula horiek. Zein da eremurik zailena tatuajeak kentzeko? Eskuak eta oinak. Belaunetik beherakoa da eremurik txarrena, eta burua ere bai. Bihotzetik zenbat eta hurbilago, hobe. Eta mingarriena? Bezeroak jasaten duen minaren arabera, aldatu egin daiteke hori. Zein izan da saiorik luzeena? Luzeena hemezortzi saioko bat izan zen, tatuaje tribal bat kentzeko. Tratamendua egin eta gero, nola geratzen da azala? Tatuajea zegoen eremua beti geratzen da pixka bat suminduta. Bezero batzuei larruazala pixka bat sumindu edo handitu egiten zaie, eta beste batzuei anpulu eta ubeldura txikiak ateratzen zaizkie. Nola zaindu behar da suminduta dagoen azala? Hidratatu eta garbi eduki behar da. Larruazala birsortu egiten da? Larruazala primeran geratzen da, baina, tatuatu zaituzten moduaren arabera, aldatu egiten da. Gaizki tatuatu bazaituzte eta tinta gehiegi baduzu, marka txikiren bat gera daiteke. Zer tatuaje kendu duzu gehien? Iratxoak, maitagarriak, bihotz eta letra txinatar asko kendu ditut, ez zekitelako idatzita zer zeukaten ere. Tribal asko daude oraindik, eta bikotekideen izenak kentzea ere oso ohikoa da. Zein da zure bezeroen batez besteko adina? Batez besteko adina 25 urte da. Tatuajeek lehengo betikotasuna galdu dute. Jendeak orain zalantza gutxiago du tatuaje bat egitean? Bai, batez ere gazteek. Nire garaian, tatuaje bat egin behar zenuenean, asko pentsatzen zenuen zer eta non egin. Gertatu izan zait gazteak tatuajea egin eta astebetera etortzea ez zitzaiela gustatu esanez. Zergatik uste duzu damutzen direla hain azkar? Berehalakotasunaren garaian bizi dira, eta azkar tatuatu nahi dute, baina berehala kendu. Lehen, egiten zenuen tatuajea betiko zen; orain, esanahi hori galdu du. Zergatik daude modan tatuajeak? 1990eko hamarkadan tatuajeak egiten hasi ginenean, amak esan zidan hori marinelen kontua zela, eta orain modan dago. Uste dut futbolarien errua izan dela, joera eta moda markatzen baitute. Gizarte beldurgarri honen puntu horretara iritsi gara, non mundu guztiak norbaiten antza izan nahi duen, gizabanakoa izatea erabaki beharrean. Denek sentitzen dugu moda jarraitzeko beharra. Gaur egun, arraroa da tatuajerik ez duen jendea egotea. Zure lanbideari esker, tatuajeek izan duten eboluzioa ikusteko gai izan zara? Bai. Tintak eta tatuatzaileek asko hobetu dute. Duela urte asko, tinta asko sartzen zuten; orain, gero eta arinagoa, finagoa eta leunagoa da tatuajea. Gainera, tintaren beruna eta metala kendu dituzte; orain, debekatuta dago hori. Zer gomendio emango zenieke tatuaje bat egin nahi dutenei? Tatuaje bat egin aurretik asko pentsa dezatela eta ez dezatela gaztaroko erokeriarik egin, mesedez. Bestela, Quitatoon bukatuko dute. LOTSABAKO Saihestu beharreko tatuajea? Bikotekideen izena. Alde batera utzi beharreko moda? Tribalak. Gaizki zahartzen den estiloa? Old school. ... Berria 48 min
Balenciaga ontziola hartzekodunen konkurtsora joango da CC BY-SA  — Hilabeteetako estualdiaren ostean, urrian ematen zuen Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolak arnasa hartuko zuela, izkin egin baitzion hartzekodunen konkurtsoari, bere salbamendurako planak Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia jaso zuelako. Finantzatze plan hori hartzekodunekin negoziatu zuen udan. Denbora izateko tresna bat zen, 80 milioi euroren zorra itzultzeko epeak atzeratu ahal izateko, lan kostuak txikitzeko eta kontratazio gehiago ixteko zen. Baina plan guztia ezerezean geratu da hartzekodun handienetako baten ezezkoa iristean. COVIDak kaltetutako enpresen birkapitalizaziorako funtsak (Fonrec) ez du epaileak homologatutako plana onartu. Cofides sozietate publiko-pribatuak kudeatzen du Espainiako Ekonomia Ministerioaren funts hori. Ezin eskariei aurre egin Eraikuntzaren azken fasean zegoen itsasontzi baten kontratua hausteak galera handiak eragin dizkio Balenciagari, eta eskariei aurre egiteko gaitasuna kendu zion. Horrela, uztailean, Balenciagak beste bi itsasontzi eraikitzeko kontratu bat sinatu zuen, baina auzitan zegoen lan hori finantzatu ahal izango zuen, aldi berean zorra ordaindu behar bazuen. Berregituratze planak bi betebehar horiek uztartzeko bidea eman behar zion, baina orain Cofidesen ezezkoarekin ontziola irtenbiderik gabe gabe geratu da, eta zuzendaritzak langileei jakinarazi die enpresa hartzekodunen konkurtsora joango dela. Balenciagaren itxierarekin bi ontziola geratuko dira Euskal Herrian, Zamakona (Santurtzi eta Pasai Donibane) eta Murueta (Erandio eta Murueta). ... Berria 48 min
Sexu indarkeria digitala haurtzaroan CC BY-SA  — Mutua Madrileña fundazioak eta Guardia Zibilak eremu digitalean haurren eta nerabeen aurka izaten den sexu-indarkeriari buruzko azterlan bat egin zuten, 2024ko ekainean. Horretarako, elkarrizketak egin zituzten guraso-taldeekin, nerabeekin eta gazteekin, eta bestalde, inkesta bat egin zuten 8 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten 1.000 gurasorekin eta 16 eta 22 urte bitarteko 2.000 nerabe eta gazterekin. Ikerketaren emaitzetan nabarmentzen dute atentzioa eman ziela nerabe eta gazteekin arrisku-egoerei buruz hitz egin zutenean, oro har, nerabe eta gazteek ez zutela aipatzen izaera intimoko irudiak eta bideoak baimenik gabe zabaltzea, baina elkarrizketetan eguneroko egoera gisa agertu ziren. Txostenak nabarmentzen du kontraste bat dagoela imajinario kolektiboaren eta errealitatearen artean. Helduek adingabeei ohartarazten diete orokorrean Interneten arriskutsuenak ezezagunak eta helduak direla, baina adingabeek izaten dituzten eraso ohikoenek eta inpaktu handienak dituztenek zerikusi handiagoa dute pertsona ezagunekin, parekoen taldearekin, bikotekidearekin eta bikotekide ohiarekin. Txostenak dio mundu digitalean gertatzen diren egoera asko mundu fisikoan gertatzen denaren isla edo adierazpena direla. Elkarrizketatutako profil desberdinetako diskurtsoen konparazioan lau alderdi nabarmentzen dira: lehenengoa, seme-alaben diskurtso informatu eta zehatzagoaren eta gurasoen diskurtso pobreagoaren eta ez hain informatuaren arteko kontrastea da, eta horrek erakusten du gurasoek gertatzen den guztiaren berri ez dutela. Bigarrena, mutilen bileretan, nesken bileretan gertatzen denarekin bat etorriz, kontatutako kasu gehienek emakumeei eragiten diete. Hirugarrena da mutilek azkeneko egiaztapen horren kontzientzia txikia dutela, ez dirudi beti horri erreparatzen diotenik. Laugarrena sexu-indarkeriaren kontzeptuari dagokio, zeina zabalagoa baita nesken kasuan. Nesken kontzeptuak maila eta modalitate desberdinak hartzen ditu barnean eta mutil batzuek kontzeptu mugatuagoa dute egoera bat sexu-indarkeriatzat jotzeko orduan. Hamar gurasotatik zazpik esan dute gurasoen kontrolerako tresnaren bat erabili dutela, eta hamar nerabe eta gaztetatik lauk esan dute gurasoek gurasoen kontroleko tresnaren bat erabiltzen zutela. Erabiltzen zituztenen artean, orain nerabe edo gazte direnen %57,9k aitortu dute noizbait tresna desaktibatu duela. Sexu-indarkeriako esperientzien inguruan, helduek pentsatzen dutena eta adingabeek benetan pairatzen dutena ez datoz bat: «Sexu-argazkiak jaso ditut eskatu gabe», helduen %14,4k uste dute adingabeek pairatzen dutela, eta adingabeen %43,2k esaten dute pairatzen duela. «Mezu temati asko jaso ditut harreman bat izateko edo bertan geratzeko», helduen %15,5ek uste dute adingabeek sufritzen dutela eta adingabeen %41,8k esaten dute pairatzen dutela. «Sexu-iruzkinak jaso ditut eskatu gabe», %15,4 eta %40,2. «Eduki edo mezu sexualak nahigabe eskuratu ditut», %24,1 eta %39,6. «Irainak, mezu mingarriak edo mehatxuak jaso ditut sarean jarri ditudan edukiengatik», %19,4, eta %39,3; «Pertsona heldu bat nirekin harremanetan jarri da helburu sexualekin», %12 eta %33; «Informazioa, argazkiak edo bideo sexualak bidaltzeko presioa egin didate», %10,5 eta %24,2; «Nire bikotekideak, bikotekide ohiak edo beste pertsona batek zelatatu edo kontrolatu nau Internet bidez», %11,6 eta %23,3, «Pertsona batek kontu bat sortu du nire izenean», %15,7 eta %19; «Norbaitek mehatxatu nau edo xantaia egin dit nire mezu, argazki edo bideo sexualak zabaltzearekin», %10,5 eta %17,8; «Norbaitek baimenik gabe nire mezu, argazki edo bideo intimoak edo sexualak zabaldu ditu», %9,8 eta %15,1. Galdetutako gurasoen %90,8k esan dute seme-alabek sare sozialetan edo Interneten arazoren bat izango balute hori kontatzeko konfiantza nahikoa izango luketela. Hala ere, bakarrik adingabeen %34k familiakoei kontatu zieten gehien kontatzen den indarkeria-mota jasan zutenean, irainak, mezu mingarriak edo mehatxuak jasotzea. Gutxien aipatzen den indarkeria-mota argazki sexualak eskatu gabe jasotzea da, soilik biktimen %16k kontatzen dute. Sexu-indarkeriako esperientzia gehienak neskek jasaten dituzte, batez ere Instagramen, non esperientzien ia %50 jasan dituzten, Whatsappen %12 eta Tiktoken %3,9. ... Berria 58 min
Ongi etorria MUFACEren bukaera CC BY-SA   Euskalerria Irratia 59 min
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek CC BY-SA  —  Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak, Donald Trump-en eskutik eskuratuko duen boterearen itzalak zalantzak sortu ditu Twitterreko erabiltzaile askorengan, eta emigratzea erabakitzen dutenentzat, Mastodon.eus aukera ona izan daiteke. ... ARGIA 59 min
Bilbon, korrontearen kontra CC BY-SA  — Korrontearen kontra bizi den espeziea da euskaldunarena Bilbon. Kontrako korronte txiki eta handiak bizi ditugu egunero, axolagabekeriak batzuetan eta zapalkuntzak beste batzuetan eragindako korronteak. Eguneroko horretan ohartu ere ez gara egiten sarri euskaraz aritzeko zailtasun horiez, handiak izan arren ikusezinak baitzaizkigu sarritan kontrako korronte horiek. Kafe bat eskatzeko noentiendotarren erantzunaren aurrean geure buruaren itzultzaile bihurtzen garenean («kafe bat, un café»), udaltzain parea gelditu eta ulertzen ez gaituztenean edo gure seme-alabek kiroldegian euskarazko ikastaro bakanetan izena emateko suertea izanda ere, hezitzailea gazteleraz entzuten dugunean, zirimiri ikusezin bezain eraginkorrean bustitzen ari gara etengabe. Egunerokoak izanagatik oso barneratuak ditugun egoera ustez garrantzirik gabekoak dira, baina apurka-apurka hiztun modura gure kemena txikitu eta frustrazioa handitzen duten egoerak bizi ditugu nahi baino gehiagotan. Bilbon non-nahi eta noiznahi euskaraz aritzea ezinezko egiten duten arrazoiak asko dira: batzuk erabaki politikoek edo era guztietako eragileen erabakiek eragindakoak, beste batzuk gizarte joerek edo bestelako faktoreek eragindakoak. Horien aurrean banaka-banaka erantzunak eman behar izatea neketsua eta frustragarria da sarri, errazagoa eta erosoagoa baita korronte nagusiaren magalean kokatzea. Eta horregatik da garrantzitsua modu antolatuan erantzutea, euskaldunon sare indartsua izatea. Kontrako korronte horiek zalantzan jartzen dizkigutenak ere badaude. Are, pribilegiatu deitzen gaituztenak beren bizitzan hautatutako hizkuntzan bizitzeko inongo arazorik ez duten artean. Harrotuta eta erasokor daude jarrera erdaltzaleen bozeramaileak, Europan bizi ditugun korronte atzerakoien pareko estrategiekin. Oldarraldi erdaltzale ideologiko, judizial eta mediatiko indartsuak erasaten digu, eta euskarazko hizkuntza praktikak zailtzen eta oztopatzen dizkigu. Bitartean, euskaraz bizitzea eguneroko hesi-lasterketa bat da euskaldun aritzeko hautua egiten duen ororentzat; kontrako norabidean datorkigun eskailera mekanikoa igotzen saiatzea da sarri euskarari une oro eta gune guztietan eustea Bilbon. Medikuari osasunari buruzko galderak euskaraz ezin egin eta hizkuntza aldatu behar denean, itzulpen ulertezinak ulertu ahal izateko kartel edo eskuorrien gaztelerazko bertsioak irakurri behar direnean edo arduradun politiko euskaldunen etengabeko gaztelerazko marmarra jasan behar dugunean eskailera mekanikoaren kontrako borrokan murgiltzen gara. Eta gazteentzako kirol erreferente direnei gure udaletxeko balkoia utzi eta gazteleraren tenplu bihurtzen dutenean, are gogorragoa bihurtzen dute gure borroka. Ez da erraza Bilbon euskara erabiltzeko erabakia lasaitasunez bizi ahal izatea. Urtero ehunka lagunek gurutzatzen dituzte euskaltegietako ateak eta gazteleraz mintzo zaien hiria aurkitzen dute parean. Beren burua euskalduntzeko hautua egin dutenek ere ez dute erraz inguru abegikorra aurkitzen. Baina ez dugu etsiko. Korrontearen kontra ari garela jakinda, korronteak aldatzeko lanean ari den jende ugari dugu gurean. Merkatuaren, botereen eta joera nagusien autobide errazenetatik joan beharrean, euskararentzat bidegorriak eraikitzen ari diren gune eta taldeak baditugu Bilbon: euskarazko kulturgintzarentzako espazio duinak eskaintzen dituztenak, aisialdia gure hizkuntzan gozatu ahal izateko lanean ari diren edo sortze prozesuan dauden taldeak, hiztun komunitatera kide berriak gehitu nahian ari diren euskaltegiak edo euskaraz funtzionatzea erabaki duten era guztietako erakundeak (elkarteak, kirol taldeak, enpresak, komertzioak...). Hirian ere arnasguneak sortu daitezkeela frogatzen duten eragileak. Jende multzo antolatuei esker aldatuko ditugu korronteak, beraz. Antolatzeko, ekiteko eta mugimendura batzeko deia egiten diegu gure auzokideei Guka Bilboko euskaltzaleen plaza asketik. Ekinez eta eraginez mugiaraziko ditugu mugiezinak diruditen joera, arau eta jarrerak. Erantzukizunez ekin eta eragingo dugu, hiztun modura zein komunitate modura ditugun eskubideak lortuz eta baliatuz. Erantzukizuna da eragile modura ari den talde antolatu honen ekiteko modua, etsi gabe, gero eta jende gehiagorekin batera, auzolanean. Hiztunon erantzukizunaren parekoa behar dute gainontzeko botereguneek ere. Gure ardura da hauei ere erantzukizuna eskatzea. Aldarrikatuz ekin eta eragingo dugu, erabaki politikoak hartu behar dituztenei euskararen aldeko politika eraginkorrak martxan jarri ditzatela eskatuz eta arauak ere norabide horretan sortu ditzatela exijituz, arautzea ere hizkuntza politika baita. Gure hirian bisitariei eta haien hizkuntzei egiten zaien harrera abegikorra ez dugu euskaldunok gurekiko eta gure hizkuntzarekiko sentitzen. Exijitu dezakegun gutxienekoa da hori. Eraikiz ekin eta eragingo dugu baita ere, gure esku dauden espazio, une eta testuinguruak sortuz eta euskaraz aritu nahi dugunontzako gune erosoak erraztuz. Eta azkenik, irmotasunez eta alaitasunez ekin, eta eragingo dugu, irmo defendatuko baititugu dagozkigun eskubideak eta harro eta pozik ospatuko baitugu bagarela eta aurrerantzean ere hiztun komunitate indartsu bat izango garela. ... Berria 1 hr
Paco Plaza zinemagilea Mugaritzeko sukaldean sartu da CC BY-SA  — Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Culinary Zinema saria lortu zuen Paco Plaza zinemagilearen Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalak. Zinema aretoetan ere bidea egin zuen hainbat astez, eta filma Movistar Plus plataformara iritsiko da gaur. Noiznahi ikusi ahalko da plataforma horretan. Denboraldi bakoitzean, Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz jatetxeak ateak ixten ditu zenbait hilabetez. Desberdina da denboraldi bakoitzaren eskaintza gastronomikoa, eta hori nola sortzen eta lantzen duten jaso du Plazak dokumentalean. «Estimulatzen eta inspiratzen nauena Mugaritzen ikusten dudan beldurrik eza da. Gizaki guztion aspirazioa da beldurrik gabe bizitzea; beldurrak blokeatu eta paralizatu egiten gaitu, eta ez digu uzten zoriontsuak izaten. Zoriontasuna beldurrik eza da. Oso beldur gutxi ikusi dut hemen. Hemen ez diote beldurrik dezepzioari, espektatibak ez betetzeari, eta normalean bertigoak izaten dira esposizio publikoko adierazpen gehienetan», esan zuen zinemagileak apirilean, filma grabatzen ari zela. Plazarekin batera, talde txiki bat aritu zen dokumentala grabatzen. Adrian Hernandez da argazki zuzendaria, eta Unai Gimenez soinu arduraduna. Plaza beldurrezko generoko filmetan aritu izan da gehienbat —harenak dira REC saileko filmak, Veronica eta La abuela, besteak beste—. Mugaritzekoa, berriz, bigarren dokumentala du. Paco Plaza zinemagilea, Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalaren grabaketan. JORGE FUEMBUENA / MOVISTAR Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxeko zuzendaria, bestalde, oso gustura sentitu zen filma egiten ari ziren bitartean: «Grabaketa prozesua lasaitasunez eta jakin-minez bizi izan nuen. Batez ere uste dudalako konplexutasun handia duela. Izan ere, oso zaila iruditzen zait minutu gutxian istorio bat kontatzea ia sei hilabetean Mugaritzen gertatzen denarekin, eta gure jatetxearen bihotz taupada hain tarte laburrean jasotzea». Dokumentalak 95 minutu irauten du. Mugaritz. Sin pan ni postre dokumentalaren trailerra. ... Berria 1 hr
Olatuen bizialdia eta heriotza CC BY-SA  — Surflariarentzat, miraria dirudi harengana heldu den olatuak, altuera egokia baitu, eta tamainako abiadura, ez azkarregia, ez motelegia. Alabaina, olatuek ez dute zerikusirik mirariekin, ezpada zientziarekin, fisikaz bustita baitago olatu baten bizialdia, hura sortzen denetik kostaldearen kontra aparretan itotzen den arte. Eta, hala ere, badu olatuak arrazoiaz bestelako zerbait, Nagore Ezeiza zinemagileak antzeman duenez. «Harrigarria egiten zait zientziak argibideak emateko halako ahalmen izatea, baina, aldi berean, ezin esplikatu izatea surflari batek duen pasioa». Ez da soilik hitzetan jasotako gogoeta bat: Maia Garcia Vergniory Donostia International Physics Centerreko ikerlariaren eta Kepa Acero surflariaren laguntzarekin, olatuaren alde zientifikoa eta emozionala irudikatu ditu Ezeizak Olatu baten istorioa dokumental laburrean (El Santo Films). Bilboko Zinebi jaialdian estreinatu dute. Garcia Vergnioryk eta Acerok Donostian emandako hitzaldi bat izan da lanaren ernamuina. Acerok egindako hausnarketa batek bereziki hunkitu zuen zinemagilea: esan zuen surflari batek ez duela pentsatzen berak hiltzen lagunduko dion olatu hori nondik datorren edo zer istorio duen. «Eta egia da surflaria dela olatuarekin topo egiten duen azkena, hark hondarrean amaitu baino lehen», esan du Ezeizak. Joseba Elorzaren animazioetako bat, 'Olatu baten istorioa' dokumentalean. EL SANTO FILMS Bizialdi laburra du olatuak, baina, gehienetan, desagertuko den kostaldetik urrun sortzen da, Garcia Vergnioryk azaldu duenez. Oro har, ekaitzak sortzen diren lekua dute jatorri: Ternua (Kanada), Islandia, Groenlandia, Irlanda... «Tira, Mediterraneoan kostatik hurbil ere sor daitezke, baina, orokorrean, olatu onak urrun sortzen dira». Eguzkiak ematen du aurreneko hauspoa, eta fenomeno kate batek bultzatu eta moldatzen du uhina. Eguzkiaren erradiazioek atmosfera berotzen dute, baina ez modu berean, eta, beraz, presio ezberdineko eremuak sortzen dira, aire beroak presio apalagoa du eta. Konbekzio deritzon fenomenoaren bidez, dentsitate apaleko aireak —hau da, beroak— gorantz joko du, eta aire hotzak beteko du hutsune hori. Fronte bero batek eta hotz batek topo egiten dutenean, konbekzioaren ondorioz, aire epela igo egiten da, eta hotza jaitsi; hala, zikloi edo ekaitz bat eratzen da. Zikloiek energia transmitituko dute itsasorantz, haizearen bidez. Aldagai asko Itsasoan, energia hori norabide guztietan hedatuko da, ura ez baita oztopo. Eta azpimarra egin du zientzialariak: energia transmititzen da, ez ur partikulak; olatuak ez baitira mugitzen den ura, baizik eta ura dela medio mugitzen den energia. «Energia pakete» hori kostara heltzen denean eta hondoak sakonera galtzen duenean, olatuak apurtu egiten dira. Ñabardura gehiago ditu prozesuak, ordea, aldagai mordo batek baldintzatzen baitu olatuaren abiadura, forma eta egokitasuna. Zikloiaren intentsitatea zenbat eta handiagoa, olatua orduan eta garaiagoa izango da. Eta, halaber, garrantzitsuak dira kostaren geometria, mareak, eguraldia eta beste hainbat ezaugarri, olatua ona izateko. Eta zer da olatu on bat, zehazki? «Apurka-apurka apurtu behar du, eta bertikal pixka bat eduki behar du, ondo surf egin ahal izateko», zehaztu du Garcia Vergnioryk. Kostaldea irregularra izatea lagungarria da; geometria laua eta leuna badauka, ordea, olatua kolpe bakarrean hautsiko da. Halaber, kostako haizeak ere moldatzen du uhina: hego haizearekin, aireak aurretik jotzen dio olatuari, eta harrotzen lagundu; haizeak atzetik joz gero, aldiz, olatu desordenatuak sortuko dira, eta azkarrago desagertu. ZENBAIT KONTZEPTU Uhin luzera. Olatuek uhin funtzioa dute, eta uhin luzera da funtzio horren ezaugarrietako bat, Maia Garcia Vergniory Donostia International Physics Centerreko zientzialariaren arabera. «Bi olaturen arteko distantzia da. Uhin luzera oso handia bada, denbora pila bat behar da hurrengo olatua etor dadin, baina azkarregi etortzea ere ez da ona». Zazpi segundokoa da tarterik egokiena. Coanda efektua. 1910ean aurkitu zuten. Gainazalek erakarri egiten dituzte haiekin kontaktuan dauden fluidoak. Horrek azaltzen du zer dela-eta egin daitekeen surfa desorekatuak diruditen jarreretan. Gainazal tentsioa. Ur molekulek elkar erakarri, eta geruza bat sortzen dute gainazalean. Olatuak horrela eusten dio bere formari, eta horregatik egon daiteke ohola haren gainean. Iribarrenen Zenbakia. Ramon Iribarren gipuzkoarrak asmatu zuen. Olatuak nola apurtuko diren jakin daiteke, kontuan hartuta olatuaren altuera, olatu batetik besterako denbora eta hondartzaren malda. 'Fetch'. Ingelesezko berba bat da. Haize gogorrak jotzen duen eremu bat izendatzeko erabiltzen da. Eremua zenbat eta handiagoa, orduan eta indartsuagoak eta garaiagoak izango dira olatuak. Mareek ere aldatzen dute forma. Zientzia Astearen harira, EHUk Surfa eta zientzia erakusketa ipini du Bilboko Bizkaia aretoan abenduaren 12ra arte, eta mareak nabarmendu ditu, orobat, Mikel Bizinai itsas energia berriztagarrietan espezializatutako ingeniari eta surflariak erakusketan egindako bisita gidatuan. Esplikatu duenez, Ilargia edota Eguzkia lerrokatzen direnean, haien masek eragiten duten grabitate indarraren ondorioz, itsasoa luzatu egiten da norabide horretan: hala jazotzen da itsasgora. Lerrokatzerik ez dagoenetan egongo da itsasbehera. «Batik bat Ilargiak eragiten die mareei, Lurretik gertuago dago eta», azpimarratu du Bizinaik. Itsasgoran eratzen dira surf egiteko olaturik egokienak. Gutxi gorabehera hiru astean gertatzen diren fenomeno horiek guztiak ordu laurden batean jasotzen ditu Ezeizaren dokumentalak, sotilki, azalpenik gabe, lanaren helburua ez baita tratatu zientifiko bat taxutzea, zuzendariak nabarmendu duenez, baizik eta olatu bihurtzen den ekaitz baten jarraipena egitea, Ternuatik Cabo Verdera. Irudi errealekin eta Joseba Elorzaren animazioarekin ondu du olatuaren istorioa: Aceroren bidaia eta jarduna kamerarekin harrapatu, eta irudiekin erakutsi dituzte energiaren transmisioak, Eguzkitik atmosferara, atmosferatik itsasora, itsasotik kostaldera... «Irudi horien oinarrian zorroztasun zientifikoa dago: Newtonen legeak adierazten dira, Coriolis efektua, grabitatea... Erronka izan da ikusten ez diren energia horiek nolabait irudikatzea», adierazi du Ezeizak. Koloreekin josi dute olatuaren bizialdia: itsasoaren urdina, Cabo Verdeko okreak eta marroiak... Oholaren garrantzia Surflariak ez du olatuaren bidaiaren berririk; eguraldiaren iragarpenei adi erreparatzen die, eta, hondartzara abiatu baino lehen, itsasoari so eginda aurreikusten du zer-nolako olatuekin topo egingo duen egun horretan. Izan ere, aldagaiek olatuen tankera aldatzen duten bezala, olatuek ere baldintzatzen dute surflariak ohol baten edo bestearen alde egingo duen. «Ohol bakoitzak bere nortasuna du: batzuek abiadura handiagoa dute, beste batzuek kontrol handiagoa... Ohola da itsasoarekin konektatzen zaituena», azaldu du Acerok. 35 ditu, zehazki; haizearen eta olatuen tamainaren arabera, bost bat sartzen ditu autoan. «Harrigarria egiten zait zientziak argibideak emateko halako ahalmena izatea, baina, aldi berean, ezin esplikatu izatea surflari batek duen pasioa» NAGORE EZEIZA Zinemagilea Oholek ere badutelako beren zientzia. Luzera, zabalera, loditasuna eta litroak hartzen dira kontuan, Bizinaik aletu duenez, eta ugariak dira aldagai horien uztarketaren emaitzak: 30 litroko bi ohol guztiz ezberdinak izan daitezke elkarren artean, pisua ez dagoelako berdin sakabanatuta, esate baterako. Eta diseinuari ere erreparatu behar zaio: punta eta isatsa estuagoak badira, maniobratzeko errazagoa izango da, baina ezegonkorragoa; gilek egonkortasuna ematen dute, baina abiadura apaldu; olatu zakarragoekin, puntaren kurbadura —rocker delakoa— handiagoa duten oholak behar dira; eta, hasiberrientzat, ohol lauagoak, zabalagoak eta pisutsuagoak gomendatu ditu Bizinaik, egonkorragoak izateaz gain, abiadura handiagoa hartzen dutelako, eta, beraz, surflariak gutxiago egin behar duelako arraun. Ohol handi bat erabili beharko litzateke, halaber, olatu handietarako, Aceroren ustez. Eta olatuaren abiadura orekatzea izan beharko litzateke joera, era berean: uhin leunetarako, taula azkarragoa erabili behar da, baina, oso azkar badoa, kontrola lehenetsi behar da, abiadura ez baita beti ona, surflariaren arabera. Eta uraren testurak ere ematen du gakoren bat edo beste. «Haizeak testura ematen dio itsasoari: adibidez, hemen, hego haizearekin, marmola bezala egoten da, eta errepidean ibiltzearen antza du, baina ipar haizearekin, zuloak egoten dira: 4x4 auto bat beharko bazenu bezala da», xehatu du Acerok. ... Berria 1 hr
'Ipar Euskal Herriko Hitza'-k magazin formatua hartuko du bihar CC BY-SA  — Ipar Euskal Herriko Hitza itxura berrituta plazaratuko da bihar, magazin formatuan, eta 24 orrialderekin. Oihana Teyseyre Koskarat Ipar Euskal Herriko Hitza-ren zuzendariak esplikatu du astekaria bisualagoa izanen dela. «Magazin formatua izanen du hemendik aitzina. Egungo gizartean, irudiak garrantzi handia du, eta magazin horretan leku gehiago izanen dute irudiek. Orain egunkari formatua du Hitza-k, eta magazin formatuarekin, nolabait esateko, edukiak eta formak hobekiago bat eginen dute». Joanes Etxebarria kazetariak erantsi du «magazinetik hurbilago den paperezko formatu ttipiagoa» ukanen duela irakurleak, eta, beraz, erabilerrazagoa ere izanen dela. Etxebarria hatsarretik ari da Ipar Euskal Herriko Hitza-n, eta argi ikusten du astekariaren ekarpena: «Hitza-k ekartzen ditu besteetan atzematen ez diren gauza batzuk ene gustuko: batetik, euskararen aldetik zorroztasuna, parte handiz BERRIAko zuzentzaile taldeari zor zaiona; bestetik, aktualitatearen ohiko segipenaz gain, distantzia pixka bat, eta denbora doi bat gehiago gai batzuetan barnatzeko. Eguneroko aktualitatearen errotaren bazter batean baita astekaria». Irakurleak eta harpideak orain arte eskura izan dituzten edukiak izanen ditu Hitza berrituak, Teyseyrek azaldu duenez: «Gure heinean, gibelapen batekin, baina aktualitatea lantzen dugu, bigarren denborako begiratu bat proposatzen zaio irakurleari, eta hori izanen da gaurgero ere astekariaren muina, baina gaiak barnatzeko leku gehiago ere izanen dugu». Horretan gelditu gabe, baina: «Aniztasun handiagoko edukia proposatzeko xedea dugu. Ikusten dugu aukera bat dela Ipar Euskal Herrian euskara hutsean ari den prentsari ekarpen bat egiteko». Hitza berriak eduki berri batzuk ere emanen ditu, Teyseyrek azaldu duenez: «Saiatu nahi dugu gure eremuan loturak egiten. Adibidez, ikusten dugu Ipar Euskal Herriko elkarteen sareak leku bat ukaitea Hitza-n. Bestalde, aukera izanen dugu BERRIAn argitaratutako aktualitateko gai batzuk ere harrapatzeko Hitza-n». Astekaria bera ez ezik, webgunea ere berrituko du Hitza-k bihar. Diseinu sinple eta argiagoa edukiko du, artikuluetara errazago iristeko eta aiseago irakurtzeko. «Webgunean ere edukiak eta formatuak bat eginen dute», Teyseyrek zehaztu duenez. «Baliabide falta argia dugu. Ez gara hedabide hegemonikoen heinean. Baina arlo digitalak sekulako garrantzia du, eta ezinbestekoa da webgune funtzionalago bat edukitzea. Eta horrek publiko berri batzuengana iristeko aukera emango digu». Inaugurazioa eta kanpaina Bihar bertan, magazin berria aurkezteko ekitaldi bat eginen dute BERRIAk eta Hitza-k. Baina ez hori bakarrik: Baionako bulego berria ere inauguratuko dute, euskalgintzako eta hedabideetako kideek lagunduta. Hiru urtez berritze lanetan aritu dira, eta ospakizun txiki bat eginen dute. Egun berean, harpidetza kanpaina bat hasiko du Hitza-k. Egun, Ipar Euskal Herriko Hitza-k 580 ale banatzen ditu astero. Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin iaz egindako zabalkunde kanpainarekin, 250 pertsona eta leku publiko gehiago egin ziren Hitza-ren harpide. Astekaria eta webgunea berrituta, euskaldun gehiagorengana heltzea da helburua orain, harpidetzetan «jauzi bat» egiteko eta euskarazko hedabideen komunikazio sistemari indar berritu bat emateko. Hitza berrituaren harpidetzak urtean 40 euro balioko du, eta Internet bidez eskaera egiteko aukera ere izanen da. Iñaki Etxeleku kazetariak gogorarazi du Hitza-k balio handia duela euskararentzat ere: «Begi bistakoa da euskarak Ipar Euskal Herrian duen gainbehera. Egoera larrian da, eta larritzen ere ari zaio. Euskal prentsak, oro har, funtsezko betekizuna du euskarari bizia emateko eta euskaldungoak munduaren berri bere hizkuntzan har dezan. Hiztun kopurua murriztuz doa Ipar Euskal Herriko gizartean, eta harekin, euskara maila. Horregatik, euskal prentsa idatziak munta handia du hizkuntza mailari begira ere, eta baita alfabetatzeari begira ere». ... Berria 1 hr
Koldo Amatria (Orreaga Fundazioa): "Labankada bat bezala iritsi zaigu erabakia" CC BY-SA  — Ezustean harrapatu ditu elkarte memorialistak atzo EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik hartutako erabakiak Erorien monumentuaren inguruan: "Gurekin hitz egin gabe aurkeztu dute erdietsitakoa. Labankada bat bezala iritsi zaigu", azaldu du Koldo Amatria Orreaga Fundazioko kideak. Denborarik ez dute izan oraindik elkarteak batzartu eta erantzun bateratua emateko: "Gaur elkartuko gara akordioa baloratu ahal izateko eta gure iritzia emateko", azaldu du.   ... Euskalerria Irratia 1 hr
Zeharkako gomendioa CC BY-SA  — Batzuetan telesailen gomendioak espero ez ditugun lekuetatik iristen dira. Gaurkoa ez zen niretzako gomendio bat izan, Pablo Iglesiasi egindakoa baizik. Hain zuzen ere, A vueltas saioan Fermin Muguruzari egindako elkarrizketa ikusten ari nintzen, azken horrek politikari ohiari Lost Boys & Fairies telesaila gomendatu zionean. Ikustekoen zerrendan nituen telesailen arteko impasse horietako bat probestuz, Filminen topa daitekeen BBCk ekoitzitako lan hori ikustea erabaki nuen. Hiru atal soilik ditu Lost Boys & Fairies telesailak; beraz, hiru orduko film baten gisan ere ikus daiteke. Cardiffen bizi den gay bikote batek familia-arazoak izan dituen haur bat adoptatzeko egin beharreko bidaia kontatzen du, funtsean. Mukizapiak gertu edukitzea eskatzen duten istorio horietako bat dela ohartarazi nahi dizuet. Ez dakit oso ongi nola egin dezakedan behar dena kontatu eta sobran dagoen ezerk ez ihes egiteko. Batetik, esango nuke nik behintzat ez dudala askotan ikusi adopzioa gai nagusi duen lanik, ez behintzat adoptatu aurreko pausoak kontatzen dituenik. Interesgarria iruditu zait gizarte langileak bikote horren egoera sozial eta psikologikoa aztertzen duen bitartean agertzen dena, horrek ere ikusleari bi protagonistak hobeto ezagutzen laguntzen baitio. Klixeetan erori gabe, baina protagonistetako baten aitak ordezkatzen duen landa eremuko gizon kristau eta kontserbadorearen rola ere asko gustatu zait; maitasunari esker, bere sineskeren sistematik atera beste erremediorik ez duen gizonarena, alegia. Telesailak, halaber, drag-aren munduan ere sartzen du apur bat muturra —protagonistetako bat drag queen-a baita—, eta esango nuke oso modu dotorean egiten duela. Gaiaren gordintasunari kolore apur bat ematen dioten eszena musikal batzuk daude, eta zaila izanagatik, sortzaileek oso ongi lortu dute horiek istorioaren makinerian enkajatzea. Denen artean bat goraipatuko banu, hirugarren eta azken atalekoa izango litzateke, non pertsonaia ezberdinek Tears for Fears taldearen Mad World abesten duten. Ez dut ezer berririk esango, baina batzuetan ona da denen ahotan ez dauden edukiak ikustea. Mundu hiperkonektatu honetan ere, harribitxi askok ihes egiten digute, eta Lost Boys & Fairies izan daiteke horietako bat. ... Berria 1 hr
'Mihiluze' eta 'prime time'-a, goizago ETB1en CC BY-SA  — Mihiluze lehiaketaren bigarren etapa hasi zenetik, 21:30etik 22:20ra eman izan du ETB1ek. Beranduago ere hasi izan da zenbaitetan. Datorren astelehenetik aurrera, baina, euskarazko kateak 20:45 aldera emango du, Gaur egun albistegia eta kirol albisteak amaitu bezain laster. Horrez gain, prime time ordutegiko programak ere aurreratu egingo ditu ETB1ek: 21:45ean hasiko dira astelehenetik ostegunera. Gainera, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, prime time-ko saio horiek eman ostean, Primeran-en eduki original batzuk jarriko ditu ETB1ek: esate baterako, Nerea Aliasek aurkezten duen Intimitatean elkarrizketa saioa. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak azaldu duen moduan, prime time osoa aurreratuko dute. «ETB1eko ikusleen feedbacka jaso dugu. Aspaldian entzun izan dut ETB1eko ikus-entzuleak ohera goizago joaten direla. Aldaketa hauek eginda, ETB1eko ikusleei gauaren lehen partean emango dizkiegu saiorik onenak». Iparragirrek dioenez, kirol albisteen eta Mihiluze-ren arteko tarteak ikusle datu apalak izaten zituen orain arte. Horregatik erabaki dute gaueko saioak aurreratzea. Badira programazioa egokitzeko arrazoi gehiago tartean. «TVEn David Broncanoren La Revuelta saioa hasi denetik [Hego Euskal Herrian ikusle gehien duen telebista saioa da astelehenetik ostegunera], prime time-ko saioak beranduago hasten dira kate askotan». Hala gertatzen da Espainiako katerik handienetan, baita ETB2n ere. «Baina argi ikusi dugu ETB1eko ikusleek ez dutela halakorik nahi», dio Iparragirrek. «Euskaldunek afalostean telebistaz pixka bat gozatu nahi dute, eta ohera joan». Ikusleen datuak dituzte EITBn hori baieztatzeko. 'Mihiluze' ondo dabil Mihiluze lehiaketak irailaren 30ean hasi zuen denboraldi berria. Tribuaren berbak eta Potokumeak probak berreskuratu dituzte aurten, eta Ikusi makusi proba berria gehitu. Denboraldi honetan, sakelakorako aplikazioak ere berritasunak ditu. Eta ikus-entzule euskaldunen harrera beroa jasotzen ari da Orio Produkzioak ekoiztetxearen lehiaketa. Joan den astean, datu bikainak izan zituen. ETBko zuzendariak nabarmendu du azkeneko hiru denboraldietako «konpetentziarik zailena» duela aurten Mihiluze-k. «Baina aurten lortzen ari da hiru denboraldi hauetako ikusle daturik onenak. Kontua da gauero ikusle datu oso apaletatik abiatzen zela. Oraingo aldaketa honek lagundu egingo dio Mihiluze-ri, ikusle datu handiagoekin hasiko da eta. Eta horrek, aldi berean, hazten lagunduko dio Mihiluze-ri, eta lagunduko dio prime time-ari berari ere». «Aldaketa hauen bidez, nahiko genuke ETB1eko ikus-entzuleek saiorik saio katea berean jarraitzea. ETB1eko ikusleen onerako izango da» UNAI IPARRAGIRRE ETBko zuzendaria Eguraldia-k (19:45), Gaur egun-ek eta kirol albisteek ikusle datu onak izaten dituztela dio ETBko zuzendariak. «Aldaketa hauen bidez, nahiko genuke ETB1eko ikusleek saiorik saio kate berean jarraitzea. ETB1eko ikusleen onerako izango da». Berrikuntza gehiago izango dira datozen hilabeteetan ETB1eko programazioan. Batetik, Herri txiki, infernu handi saioaren denboraldi berria hasiko da abenduan —urtarrilean, hamargarren urteurrena ospatzeko saio berezia egingo dute—. «ETBko ikusleek asko maite duten saio bat ere urtarril partean itzuliko da», iragarri du Iparragirrek. Nerea Alias, Primeran plataformako 'Intimitatean' saioko aurkezle eta zuzendaria. PRIMERAN Primeran plataformarako propio ekoitzitako saioak ematen ere hasiko da ETB1 datorren astetik aurrera. Astearte, asteazken eta ostegun gauetan izango da hori. «Probatzen hasiko gara. Primeran plataforman estreinatu eta sei-zortzi astera, eduki batzuk ETB1en ematea da asmoa, egoki ikusiz gero». Primeran-en beste denboraldi bat izango duten saioekin egingo dute hori, batez ere. Ziurtzat jo daiteke Nerea Aliasen Intimitatean saioak —irailaren 5ean estreinatu zuten— bigarren denboraldia izango duela. Hemendik gutxira, Xabin Fernandezen Ardi beltzak saioa ere emango du ETB1ek. Asteburuetan, bestalde, ETB1ek programazio hau izango du gauetan, hilaren 22an hasita: ostiraletan, Go!azen eta pilota; larunbatetan, Hitzetik hortzera eta Oholtzan; eta igandeetan, Ametsen arbola eta Ztanda. ... Berria 1 hr
Eraso homofobo bat salatu dute Iruñean CC BY-SA  — Azaroaren 8an gazte talde bat cruising gunean agertu zen eta bertan zegoen pertsona bat iraintzen hasi zen baita autoz jarraitzen ere indarkeriazko harrera baten bidez. EHGAM taldeak salatu du gune horietan etengabe geratzten direla erasoak.  ... Euskalerria Irratia 1 hr
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek CC BY-SA  — Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak, Donald Trump-en eskutik eskuratuko duen boterearen itzalak zalantzak sortu ditu Twitterreko erabiltzaile askorengan, eta emigratzea erabakitzen dutenentzat, Mastodon.eus aukera ona izan daiteke.Hala azaldu du kanpainaren kontua, Mastodon-eus administrazioko kontutik: Sare libre eta federatuen aldeko konpromisoari esker hazi den komunitatea garenez, mugarri hau ospatzeko, "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dugu. Helburua sare libreekiko atxikimenduak biltzea eta plataforma zentralizatuen aurrean alternatiba etiko gisa sustatzea da. Sare sozial honi eusten diote sarean Azkue Fundazioak, Laborategia 2.0 kolektiboak, PuntuEUS Fundazioak, eta Talaios Koop eta  iAmetza enpresek, Dinahosting ostatatze enpresaren laguntzarekin. Eta eusten diote halaber erabiltzaileek, atxikimendu mezuetan jada irakur daitekenez. Adibide batzuk: “Plaza publiko digitalaren baloreak eta arauak elkarrekin finkatzea ezinbestekoa delako eta euskarak bere plaza publiko propioa behar duelako.”  “Elkarrekin eta maila berean, norbanakoen artean egindako sare soziala. Etekin eta onura guztiak soilik partaideontzat geratzen dira.”  “Erraldoi teknologiko zentralizatuen aurrean, komunitatean oinarritutako gertuko plaza publikoa sortzea delako, komunitateak komunitatearentzat euskaraz sortua.”  Sustatu ere badago Mastodon.eus-en eta medio honetako editoreak bere atxikimendua ere utzi du, mezu soil batekin, toki horretako arauak aproposak iruditzen zaizkiola, hiru puntutan laburbiltzen diren arauak hain zuzen: Mastodon.eus euskaraz bizi da. Ahal bezain beste euskara erabili. Debekatuak daude: faxismoa, arrazakeria, sexismoa, xenofobia, homofobia, transfobia. Ez inor iraindu edo jazarri. ... Sustatu Albisteak 1 hr
Palestinako genozidioaren askotariko “zidioak” CC BY-SA   ARGIA 2 hr
Mobilizazioak bertan behera utzi ditu "Lo que no te cuentan de Donosti"-k CC BY-SA  — Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna. ... ARGIA 2 hr
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu ... CC BY-SA  — Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan. ... ARGIA 2 hr
Autoinkulpazio kanpaina abiatu dute, Korrikan migratzaileak laguntzeagatik epaituko dituztenekin elk... CC BY-SA  — Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara arte, hots, bi egun epaiketa baino lehenago. ... ARGIA 3 hr
Zaloa Basabe: "Protokoloak indarkeria pairatu duen ezein emakume babestu nahi du" CC BY-SA  — Festetan eta ostatuetan indarkeria sexistari erantzuteko protokoloa berritu du Iruñeko Udalak. 2019ean sartu zen indarrean orain artekoa eta sortu diren egoera berriei erantzutera dator mahai gainean jarritakoa. Emakumeak babestea du xede nagusi erasotzailea zigortzearen gainetik.  ... ARGIA 3 hr
Ama baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea ekiditera deitu dute gaur Gasteizen CC BY-SA  — Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak. ... ARGIA 3 hr
Aurrekoen itzala argitzen ari dira CC BY-SA  — Realak ez du denboraldi hasiera erraza izan. Imanol Alguacilek seigarren denboraldia du Anoetako aulkian, baina klubari aro aldaketa egitea egokitu zaio aurten. Azken urteetan taldearen bizkarrezurraren parte izan diren bi jokalarik, hau da, Robin Le Normandek eta Mikel Merinok taldea utzi dute beren ibilbidean aurrera egin nahian, eta, hala, Reala zurtz gelditu da postu horietan. Haien ordezkoak aurkitzea izan da Roberto Olabe kirol zuzendariaren buruhauste nagusia udaran, baina, oraingoz, esan daiteke arkitektoak Realean egin duen azken lana ona izan dela. Nayef Aguerdek (Kenitra, Maroko, 1996) hartu du atzeko lerroaren gidaritza, eta Luka Sucic (Linz, Austria, 2002) da Olaberen apustua Merino ordezkatzeko. Biek dute lehen urtea Espainiako Ligan, baina uste baino azkarrago egokitzen ari dira. Hori dela eta, idolo berriak ditu Anoetak. Erdiko atzelariaren kasua da argiena. Le Normand asko hobetu zen Imanolen eskutik: bigarren taldean jokatzen zuen hasieran, eta Espainiako selekzioaren hamaikakoan egotea ere lortu zuen denborarekin. Zaila ematen zuen haren lekua betetzeak, baina Aguerd atzeko lerroaren lider bilakatu da hilabete eskasean. Imanolek argi utzi zuen prentsaurreko batean: «Nik Aguerd nahi nuen. Aguerd edo beste inor ez. Hala esan nion klubari». Eta Marokoko atzelariak zalantza guztiak argitu ditu. Orioko teknikariak lehen egunetik sartu zuen hamaikakoan, eta geroztik, ez du kendu. Atzelari fidagarria da area barruan egin beharreko defentsako lanetan, baita buruz buruko jokaldietan ere. Une oro kontzentratuta aritu da, baita ondokoen hutsak zuzentzeko ere, eta jokoa analizatzeko gaitasunak modua ematen dio aurkariei aurrea hartzeko. Gainera, erasoan ere geroz eta garrantzi handiagoa dauka, geldikako jokaldietan nabarmentzen baita, eta, teknikoki, gaitasun handia dauka baloia atzetik jokatuta ateratzeko. Lerroak apurtzeko gai da baloia oinetan duela, horrela aurkariak erakartzeko eta Zubimendi abantailarekin aurkitzeko. Gainera, sentipenek ez ezik, datuek ere adierazten dute atzelariak ondo diharduela. Reala da gol gutxien sartu dieten ligako taldeetan bigarrena, eta Remirok zazpi aldiz utzi du atea hutsean; ligako onena da horretan. Horretan guztian ere, garrantzi handia dauka Aguerdek. Data MBren arabera, batez beste 4,1 baloi aldaratzen ditu marokoarrak, eta defentsako dueluetako %91 irabazi. Gainera, erasoan, ligan pase gehien ondo egitea lortzen duten jokalarien artean dago (%91,7), baita pase luze gehien egitea lortzen duten jokalarien artean ere (4,1 pase luze). Pase progresiboen %75,4 ere ondo egiten ditu. Baloia aurkariaren ate aldera joaten diren paseak dira horiek —gutxienez, 9,14 metro egin behar dute aurrera azken sei paseetatik urrunen dagoen hasierako puntutik—. Sucic, su motelagoan Luka Sucicen kasua, berriz, bestelakoa da. Kroaziako selekzioko jokalariak eskuin hegalean jokatu zuen uda honetako Eurokopan. Postu horretan jokatu dezakeen arren, Merinoren tokia hartzeko fitxatu zuen Olabek. Lehen partidan, hamabost minutuz jokatu zuen, eta hurrengo bietan aulkian gelditu zen. Horri buruz galdetuta, Imanolek zera esan zuen: «Entrenamendu eta bideo saio asko falta zaizkio guk nahi duguna eman diezagun». Bada, denboraldia hasi, eta hilabete egin zuen hamaikakoan sartu zen arte; Real Madrilen aurka izan zen, irailaren 14an. Partida bikaina jokatu zuen –bi aldiz bidali zuen baloia zutoinera–, eta geroztik ezinbestekoa izan da Imanolen eskeman. Merinoren postua hartu du 1-4-3-3 eskeman, baina aurreratuago ere jokatu izan du zenbaitetan. Fisikoki, ahalmen handia dauka, eta, teknikoki, goi mailako jokalaria da. Horrela, zehaztasun handiarekin apurtzen ditu lerroak baloia oinetan daukanean. Ibilbide luzeak egiteko gaitasuna dauka, eta errematea egiteko aukerekin iristen da azken metroetara. Hori da haren gaitasun nabarmenena: baloiarekin duen zehaztasuna. Kanpoko jaurtiketetan oso arriskutsua da, eta azken pasea emateko kalitate handia dauka. Orain, ordea, sentipen horiek datuetan islatzea falta zaio. Orain arte, gol bat sartu eta asistentzia bat egin du 830 minutuan. Gola Atletico Madrili egin zion, ligan, amaieran. Zaleak eserlekutik altxarazi zituen haren areaz kanpoko jaurtiketak. Luka Sucic Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. JAVI COLMENERO / EFE Defentsako lanean estutu du Imanolek, gehienbat, eta, lehen partidatik hona, aurrerapauso handia eman du alor horretan. Presioan jokalari garrantzitsua da, eta bere gaitasun fisikoa baliatzen du dueluak irabazteko –batez beste, 4,5 aldiz lapurtzen du baloia partidako. Igandean, esaterako, Bartzelonaren aurkako partidan, buruz lortu zuen baloi bati esker sartu zuen gola Beckerrek. Gutxiagotan, baina Sergio Gomezek ere jokatu izan du postu horretan. Brais Mendezek min hartu ondoren, Sucic eskuineko barneko postuan jarri zuen Imanolek, eta Gomezek hartu zuen eskuinean hutsik gelditutako postua. Kataluniakoak ederki analizatzen du jokoa, eta balio anitzeko jokalaria da. Ez du alferrik jokatu Guardiolaren Manchester Cityn; taldekideekin elkartzeko gaitasuna dauka, eta oso zehatza da ezker oinarekin erdiratzeko edo jaurtitzeko garaian. Horretaz gain, jokaldiari zentzua ematen dio, eta badaki jokoa noiz gelditu eta noiz bizkortu. Teknikarekin eta irizpidearekin orekatzen du fisikoki eman ezin duena. Hala ere, hegaletan edo punta erdian jokatzeko aukeratzen du Imanolek, nagusiki. Merinoren eta Le Normanden itzala luzea da, Realaren historiaren parte baitira biak ala biak. Hala ere, Olabek aro aldaketarako jokalari egokiak fitxatu ditu. Emaitzak izango dira, edo beharbada ez. Baina oinarria ez ahultzea lortu du kirol zuzendariak. Imanolek ere argi dauka: «Gaztea izan arren, taldea lehiakorra da, baina jokalari hauen onena bizpahiru urte barru ikusiko da». ... Berria 5 hr
«Beti pentsatu dut 1960ko hamarkada hori Hazparnen film edo eleberri baten leku irudikapena zela» CC BY-SA  — Azaro osoan Hendaiako (Lapurdi) Abadiako eremuko Nekatoenea etxean dago Pantxix Bidart kantari-musikari-konpositorea (Hazparne, Lapurdi,1971). Literatur idazketako egonaldian. Euskal Kultur Erakundeak, Abadiako eremua kudeatzen duen CPIE Itsas Bazterra ingurumen zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak Bidarten idazlan egitasmoa hautatu dute, aurten. Beste hilabeteko egonaldia egitekoa du lan horren eramateko Pasaiako (Gipuzkoa) Hugoenean. 1960ko hamarkadako Hazparneko giroan murgildu fikzio historikoa du langaia. Ibilbide luze eta joria du musikan eta kantugintzan. Mister Saguak, Elaudi, BBAX eta berrikiago Ah taldeetan ibilitakoa da, bakarlari gisa aritzeaz gain, baita kolaborazio frankotan ere. Irratilari lanetan ere ari izana da, eta Musikariak ikastetxeetan egitasmoan parte hartu du. Nolaz musikari-kantautore bat gertatu da Nekatoeneko literatura egonaldian? 1960ko hamarkadari buruz aspaldian buruan dudan ideia aurkeztu dut deialdira. Argiki erran nien ez nintzela idazlea, halako lehen zera izanen zela niretzat; eta xantza bat da hemen izatea hilabete batez. Irakurlea ere bazara. Ez ote da halako egonaldia formalki idaztera jauzia egiteko parada? Enetzat bai, aspaldian ideia hori dudalako, baina ez naiz idazle sentitzen. Ez banu halako parada ukan, berdin ez nuen sekula idatziko ere. Halako akuilua behar dut horretan sartzeko. Deialdiaren antolatzaileek ere hala erran didate: helburua ez dela baitezpada zerbaiten ateratzea, baizik eta jendea sorkuntza bidean ezartzea. Pantxix Bidart Nekatoenean, Hendaian, azaro hastapenean. I.E. Zer duzu, beraz, 1960ko hamarkadako fikzio historiko horren ideia? [Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegi-ren Euskal Herria helburu irakurri nuenean harritu ninduen barnean halako zerbait irakurri nuelarik: «1961eko urtarrilaren 1ean muga pasatu nuen Dantxarinean eta han, Piarres Xarritonek itxoiten ninduen, eta Hazparnerat eraman ninduen». Ez nuen ideiarik ere Txillardegi Hazparnen egon zenik. Hasi nintzen herrian galdegiten, eta bai, bai, egon zela, baina deus gehiagokorik. Eta ni: «Baina Txillardegi ez da edonor!». Egin duen bide guzia: ETAtik Euskara Batura, literaturarat, Euskal Herrian Euskaraz... Txillardegi denetan agertzen da. Eta Hazparnen ez dela karrikatxo bat, gela bat haren izenarekin? Korrikak omendu zuenean hasi zinen lan baten egiten? Egin nituen zenbait elkarrizketa: Xabier Elosegi, Jakes Abeberri, Eneko Irigarai... Hor egin nuen: «Txillardegiren bidetik pasatu da jende bat Hazparnetik!». Orduan, beti pentsatu dut 1960ko hamarkada hori Hazparnen film edo eleberri baten leku irudikapena zela. Zapatagintza oraino bizirik zen, [Piarres] Larzabalen antzerki mundua, euskal abertzaletasun baten sortze bat, errefuxiatu horiek, eta luzatuz, iristen zara Dukesa Gorria-ren istoriora. Hazparnen bazuen etxe bat. Espainiako dukesa handienetarikoa zen, antifrankista, lesbiana, transexual batekin bizi, eta Hazparne Xinbaletenean egunero aperitifa hartzen zuen. Bazen giro bat ostatu horretan; Estitxu Robles ere hor ibiltzen zen. Eta pusatuz, arribatzen zara [Joseba] Sarrionandia arte. Hura ere Hazparnen egon baitzen berantago. Martin Larralde-eta meza ateratzeko giro horren kontakizuna lekuko... Testuinguru eta giro aberats horretan pertsonaiak asmatu dituzu? Protagonista neska gazte bat da, Argentinatik itzuliko dena jatorrizko etxera, amatxik galdegin baitio bere hautsak herrirat eramatea. Hor deskubrituko du amatxik zer bizi ukan zuen 1960ko hamarkadan eta gurutzatu zituela jende horiek guziak. «Protagonista neska gazte bat da, Argentinatik itzuliko dena jatorrizko etxera. Hor deskubrituko du amatxik zer bizi ukan zuen 1960. hamarkadan eta gurutzatu zituela jende horiek guziak» Sorkuntza material gisa ere bidelagun daukazu Ximun Haranek utzi grabaketa guztien altxorra. Istorio horretan asmatu dut Ximun Haranek grabaketa guziak utzi zizkiola amatxi horri, eta alaba ttipiak atzemanen ditu biltegi batean eta hasiko da entzuten. Pixka bat guk grabaketa horiek ezagutu genituelarik mundu horretan sartu ginen bezala. Entzuten duzu, eta han zira berehala, irudikatzen duzu. Oraingo neska baten eta iragan horren arteko joan-jin bat izanen da. Ari naiz pentsatzen, orain, nola sartu bazterreko pertsonaia horiek istorioan. Nola lan egiten duzu: pertsonaiak marraztuz, egitura bat muntatuz edo zuzenean idatziz? Hor duzu metodoa: [Nekatoeneko langelako paretan zintzilikatu dituen idazki orriak erakusten ditu]. Batzuetan, badut ideia bat eta idazten dut. Orrialde bat-orrialde eta erdiko idazkiak dira. Adibidez, amatxiren hiltzea idatzi dut. Azkenean, iruditzen zait hori dela ene formatua. Aldi berean beste taula bat egin dut, kronologia batekin, ikusteko pertsonaiak noiz sartzen diren istorioan. Orain pertsonaia horietan sartu behar dut, eta badut halako beldur bat, zeren eta ez ditut aski ezagutzen; ez da erraz Txillardegi bat sartzea istorio batean... Nekatoeneko langelan, Bidartek paretan zintzilikatu idazkiak. I.E. Badakizu zer motatako idazlana litzatekeen buruan? Aurkeztu nuelarik erran nuen nahi nuela gazteentzat idatzi. Ideia hori atxikitzen dut buru xoko batean. Neska gazte hori, azkenean, gaurko mugimenduetan da, eta entseatuko naiz sakelako telefono, whatsapp eta holakoak sartzen. Geruza desberdinak nahi nituzke: lehengo grabaketa zinta horiek eta gaurko Google ikerketak eta halakoak. Baina, bide hori eginik, ari naiz pentsatzen ez litzatekeen beste formula bat izaten ahal: podcast modukoa edo. Apaletan egonen den eta Durangon salduko ez den beste liburu bat egin ordez, ene musikari ibilbideari lotuz, ari naiz irratirako zerbaiten egitea ez denetz hobe. «Apaletan egonen den eta Durangon salduko ez den beste liburu bat egin ordez, ene musikari ibilbideari lotuz, ari naiz irratirako zerbaiten egitea ez denetz hobe» Idatzi horiek baliatuz? Idazten ari naiz liburu baten gisan, baina beharbada atalka egin daiteke, irakurria edo errana litzatekeen ahozko serie gisa. Musika sartzen ahalko nuke, eta urrunago joan oraino. Orain, denetan irudiak inposatzen diren honetan, maite dut irratian istorio kontatuen entzutea, musika giro batekin atzean. Molde bat izan daiteke gazteengana joateko. Eta zergatik ez irakurle taldeei proposatzea holako gaualdien egitea: haiek testu zatiak irakurriko lituzkete, eta ni musikari gisa etorriko nintzateke. Lanarekin zertan zaren aurkeztu behar diozu publikoari azaroaren 22an, ezta? Bai, Hendaiako La Grande Illusion liburu dendan. Eta Pasaian ere egin beharko dut. Pasaian proposatu diet gazteekin topaketa bat egitea. Baina ez ni joatea eta haiek ni elkarrizketatzea, baizik eta nik gazteak elkarrizketatzea. Galdegiteko irakurtzen dutenetz; hala bada edo ez bada, zergatik? Zer idatz nezakeen gogotik irakurriko luketena? Horrez gain, Pasaian beti, irakurle talde batekin egonen naiz. Pantxix Bidart Nekatoenean, kronologia taula pareta kontra duela. I.E. ... Berria 5 hr
«Ez dut arazorik gutxiago jaurtitzeko; hori da talde sentimendua» CC BY-SA  — Argiak eta ilunak ditu Bilbo Basketen aurtengo denboraldiak. Tryggvi Hlinason pibota (Akureyri, Islandia, 1997), ordea, denboraldi biribila ari da osatzen. Sasoiaren nondik norakoak, piboten jokoaren eboluzioa eta Islandiako saskibaloia izan ditu mintzagai, besteak beste. FIBA Europa Kopako multzoen fasean lehen postua lortu duzue, eta partidarik galdu gabe. Helburua beteta, ezta? Europan oso garrantzitsua da ligaxka ondo amaitzea. Bi partida txar eginda kanpoan gelditu zaitezke, eta helburua ondo bete dugu. Hurrengo fasera oso ondo iritsi gara. Txapelketak baditu bere zailtasunak, eta are gehiago hurrengo fasean. Frantziako bi talde indartsu eta Sassari egokitu zaizkigu, eta ez da erraza izango. Bilbon ilusioa dago lehiaketa honen inguruan. Aurreko sasoian finalerdietara iritsi zineten. Zuek ere baduzue ilusioa lehiaketa horretan? Bai, noski. Kirolariek helburu batzuk lortzeko lehiatu nahi dugu beti. Horrela mantentzen da grina. Iaz Chemnitzekin galdu genuen finalerdietan, urte ikusgarria egin zuen talde batekin. Ezin dugu esan hanka sartzea izan zenik, behin bertara iritsita maila handiko taldeak baitira denak. Orain multzo zaila egokitu zaigu, eta lehen bien artean sailkatu behar dugu. Urratsez urrats joan behar dugu, epe motzera begiratuta. ACB ligan partida bakarra irabazi duzue etxetik kanpora. Ondo ari zarete lehiatzen, baina emaitzak ez dira iristen ari. Kanpoko partida guztiak dira zailak. Etxeko taldeek zaleen babesa izaten dute, guk Miribillan izaten dugun bezalaxe, eta horrek are gehiago zailtzen du partida. Argi izan behar dugu ACB bezalako liga batean beti izango dela oso zaila irabaztea. Taldeak ondo jokatu duela uste dut, eta galdu ditugun hiru partidetan oso gertu izan dugu garaipena. Baina ez da zorte kontua, saskibaloia halakoa baita. Alor pertsonalean denboraldi izugarria egiten ari zara. Bilbora iritsi zinenetik, garairik onenean zaude. Zer ari da gertatzen zure inguruan zuk zure onena eman ahal izateko? Azken neurketetan ondo aritu naiz, eta taldekideak ni aurkitu nahian ibili dira. Baina hori ez da beti gertatzen. Beste batzuetan, aurkariaren ahulgunea beste postu batean dago, eta gure beste taldekide bat bilatzen ahalegintzen gara. Horregatik gutxiago jaurti behar badut, ez daukat arazorik. Hori da talde sentimendua. Nik aurkariaren ahulgunea topatu nahi dut, edo neurketa horretan gure indargunea izan daitekeena; eta horren arabera gauza bat edo bestea egiten ahalegindu behar dugu. Sasoi honetan Melwin Pantzar eta Harald Frey dira joko antolatzaileak, kideak asko bilatzen dituzten jokalariak biak. Horrek ere asko errazten dizu lana, ezta? Zalantzarik gabe, bai. Ni, adibidez, ez naiz jokaldiak neure kabuz sortzen dituen jokalari bat. Ondokoek sortzen dituzten abantailak aprobetxatzen ditut nik. Harald eta Melwin oso lan ona egiten ari dira jokoaren gidaritzan, eta guk adi egon behar dugu, badakigulako noiznahi eman dezaketela pasea. Konfiantza handia dut haiengan, eta uste dut talde honek joko ederra egiteko gaitasuna daukala. Hlinason, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE Geroz eta biziagoak eta jaurtitzaile hobeak dira pibotak. Zure jokoa, ordea, garai bateko pibotek egiten zutenaren antzekoa da. Saskibaloia moda bezalakoa da. Une oro ari da eraldatzen, eta une bakoitzean gauza bat edo bestea eskatzen zaio jokalari bakoitzari. Pibot klasikoa eta saski azpiko jokoa galtzen ari dira. Ez da lan erraza, baina niri oso interesgarria iruditzen zait eraldaketa hori. Ni askoz ere klasikoagoa naiz. Badakit zein diren nire gaitasunak, eta orain ez naiz kanpotik jaurtitzen hasiko. Blokeo zuzen baten ostean beti hartuko dut saskirako bidea. Batzuetan abantaila izango dut, eta besteetan beste taldekide batek. Baina, gaur egun, defentsako aldaketa asko egiten dira blokeo zuzenetan, eta hor abantaila daukat, nire garaieragatik. Taldekideei beti esaten diet: «Egokia izan edo ez, jaurti. Ez bada sartzen, errebotea nirea izango da aldien %70etan. Askotan errebotean dago jokaldietako abantaila, eta, azken finean, abantailak irakurtzean datza saskibaloia. Jaume Ponsarnauk askotan esan du taldearen defentsako filosofiak zu zaituela ardatz; garaieragatik eta jokoa irakurtzeko daukazun gaitasunagatik. Nik oso gogoko dut defentsan taldekideei laguntzea. Batzuetan, gehiegi ere laguntzen diet, baina haien konfiantza daukadala sentitzen dut. Kanpoko lerroko jokalariak oldarkorrago izan daitezke defentsan baldin eta pibotaren laguntza iritsiko dela sinetsita baitaude. Horretarako prestatzen gaitu Jaumek. Eta mugikortasun handia daukaten piboten aurka defentsa bereziak egiten ditugu, ohituta ez dauden gauzak egitera behartzeko. «Saskibaloia moda bezalakoa da. Eraldatzen ari da, eta une bakoitzean gauza bat edo bestea eskatzen zaio jokalariari» Ponsarnauren eta zure arteko harremana berezia da. Bilbon ez ezik, Valentzian eta Zaragozan ere elkarrekin aritu zarete. Oso entrenatzaile ona da, eta are pertsona hobea. Jokalariok laguntzat daukagula esan dezaket, konfiantza handia baitaukagu harengan. Taktikoki gaitasun handiko teknikaria da, eta aurkaria ataka estuan jartzen du, akatsak egitera behartuz. Garrantzi handia ematen dio taldekideen arteko harremanari, eta lan handia egiten du talde sentimendua sustatzeko. Entrenatzaile gehienen entrenatzeko era antzekoa da; oihu ugari, beste hainbeste keinu... Kasu honetan, ordea, guztiz bestelakoa da. Bai, oso lasaia da. Eta ez du zertan aldatu. Beste talde batean, akaso, oihu gehiago ere egin beharko du, ez dakit. Baina gure taldean ez du horretarako beharrik. Taldekide asko etortzen dira goiz-goizetik euren kabuz lan egitera, inork ezer eskatu gabe. Nik ere hala egiten dut. Baina argi izan: taldeak behar badu, Jaumek oihu egingo du. Ederra da entrenatzaile baten eboluzioa ikustea, eta Jaume eta ni elkarren ondoan ari gara hazten. Hlinason, Bilbo Basketek Artxandan duen egoitzako gimnasioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Saskibaloi jokalaria izateaz gain, artzaina ere bazara Islandian, familiaren ukuiluan. Udako oporrak han igarotzen dituzu. Nolakoa da bizimodu hori? Saskibaloi jokalariarenarekin alderatuta, oso desberdina. Ukuiluan zeure kabuz egiten duzu lan, eta ez du diru askorik ematen. Baina niri asko gustatzen zait bizimodu hori; oso ondradua da. Ukuiluan zein saskibaloian lan gogorra egin behar izaten dut. Saskibaloian ezin zara denbora luzez entrenatu, baina ukuiluan egiten diren lanaldiak oso luzeak dira. Hala ere, beste edozerk eman ezin dizun lasaitasuna ematen dizu. «Euskaldunak eta islandiarrak oso harro daude beren herrialdeaz eta historiaz» Zein da saskibaloiaren egoera Islandian? Islandiako saskibaloia asko hazi da. 2015ean iritsi ginen lehen aldiz Europako Txapelketara. Eta ordutik hona, aurrerapauso ugari eman dira. Entrenatzaileen maila asko hobetu da, eta gaztetxoenekin egiten duten lana ere, berdin. Hango liga ere asko hobetu da profesionaltasunari dagokionez, eta horrek selekzioa hobetzea ekarri du. Saskibaloi kultura sortzen ari gara, eta ni oso jabetuta nago hango gaztetxoentzat eredu naizela. Hori zaintzen saiatzen naiz. Badaukate antzik islandiarrek eta euskaldunek? Gauza batzuetan bai. Euskaldunak eta islandiarrak oso harro daude beren herrialdeaz eta historiaz, eta arrantzarako kultura ere berdintsua da. Kliman dago aldaketa handiena. Aurreko batean 10 gradu zeuden, eta ni banku batean eserita nengoen parkean, lasai antzean. Eta entrenatzaileetako batek esan zidan: «Islandiar bat bakarrik egon daiteke horrela egiten duen hotzarekin!». Barre egin nuen nik... «10 gradu hotza? Hori udara da-eta niretzat!». ... Berria 5 hr
Bizirik mantentzea CC BY-SA  — Begietara begiratzen dizudanean itsaso urdin eder bat ikusten dut. Urak bare daude, marea behean eta ortzi muga betiko lekuan. Denbora hondar ale zenbatezinetan galdua da, baina tik-tak, tik-tak, egongelako ordulariaren penduluak tarteka zure etxean kokatzen zaitu. Joan zinen baina hor zaude. Ez dakit ezagutzen nauzun, badakit, ordea, hurbil sentitzen nauzula, sentitzen gaituzula. Guk zu beti izan zaitugun bezala. Begietara begiratzen dizudanean udazkeneko paisaia intentso batera bidaiatzen dut. Kolorez aldatzen da egunetik egunera, batzuetan berdexka dago, bare, besteetan marroi-gorri, bizi. Iraganeko haizeek astintzen zaituztenetan, nahiko nuke ilea bere lekuan jartzea bezain erraza balitz burua ere bere onera ekartzea. Ez dakit erabat ezagutzen nauzun, baina badakit hurbil sentitzen nauzula, sentitzen gaituzula. Guk zu beti izan zaitugun bezala. Amonak, ama-onak. Urteak eman dituzue ingurukoak zaintzen, hezten, mimatzen. Laguntzen, elikatzen, gidatzen. Denboraren perspektibak erakutsi dit irakatsi diguzuen guztiaren balioa, eta bai, jakin dugu zuen burmuinetatik tantaz tanta ihesi doan big data-ren zati garrantzitsu bat xurgatzen. Eskerrak. Hain izan zarete eskuzabalak, ezen dena eman baituzue buruak, edo, hobe esanda, eritasunak laga dizuen arte. Pentsa, oraindik ere, zuen maitasuna jasotzen jarraitzen dugu eskutik heltzen dizuegun bakoitzean, begirada bakoitzean. Alzheimerra eta dementziak funtsean hutsuneak dira. Hutsuneak gaixoaren burmuinean. Hutsuneak ingurukoen bihotz eta bizitzetan. Isiltasun triste bat. Mugimendu falta. Itsaso bare bat. Edo udazkena bera. Antidotorik eza ere hutsune garrantzitsua da. Urtean gutxienez bizpahiru aldiz irakurtzen ditugu titularrak botika eta tratamendu posibleen inguruan; itxaropenez batzuk, mesfidantzaz besteak. Azkena, joan den astean. Lecanemab, alzheimerraren garapena lehen faseetan %27 astirotu dezakeen botika onartu berri du Europak, aurrez ukatu eta gero, albo ondorioak eta prezio altua tarteko. AEBetan pazienteko urtean 26.500 dolarreko kostua du farmakoak. Beraz, uste dut Osakidetzan, denbora batean behintzat, ez dela eskuragarri izango. Zientziak aurrera egiten du beti baina gizarteak eta politikek atzera askotan. Sendagaiak behar ditugu kalitatezko bizitzak izateko, eta ez etenik gabeko biziezinak kronifikatzeko, are gutxiago bizirik mantentze hutsagatik eta pertsonen duintasuna zapalduta negozioa egiteko baldin bada. Zaila da amaierak onartzea, baina are zailagoa agoniazko egoera bati bukaerarik ez ikustea. Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Irakaspenez betetako urteak ari dira izaten; baita asko hausnartzekoak ere. Etorkizunera begiratu eta hainbat galdera datozkit burura. Ikerketen indartzearekin eta industria farmazeutikoaren baimenarekin, iritsiko al da inoiz tratamendu efektiborik osasun sistema publikora? Uztartuko al dituzte behar bezala gaixoen eskubideak osasungintzako printzipio etiko eta moralekin? Malgutuko ote dira borondate aurreratuen mugak, norberak ahalik eta askatasun handienarekin erabaki ahal izan dezan? Eta duintasunak irabaziko al du lekurik dementziekin lotutako heriotzetan? Denborak emango dizkigu erantzun batzuk eta guk geuk idatziko ditugu besteak, eta beti akordatuko gara zuekin. Emakume nekaezin bi zaudete nire buruan, lorez beteriko balkoi banatan. Indar hori beti mantenduko da bizirik ene baitan. Maite zaituztet buru-bihotzez. Artikulu hau irakurri gabe ere badakizue hori. Esaldiak dioen moduan, bihotzak ondo gordetakoa buruak ez baitu ahazten. ... Berria 5 hr
Ele berri CC BY-SA  — Apaiztu eta urtebetera izan zuen semea. Bere izen bera jarri zion: Bernart —ez zuen disimulurako ahalegin handirik egin, akaso ez zuen premiarik sentituko eta—. Mutikoak 25 urte zituela, Donibane Garaziko aranburutarren alabarekin, 14 urte zituen Johana Aranbururekin, ezkontza hitzartu zuten. Aranburutarrak familia aberatsa ziren eta Johana zen oinordeko. Bazegoen tartean, beraz, interes ekonomikorik ere. Baina arazo bat sortu zen. Ordurako Johana ezkonduta zegoen Baigorriko Martin Mendikoagarekin. Ez, ordea, elizgizonen aurrean! —pixka bat bakarrik zegoela ezkonduta esan zitekeen—. Xextra sortu zen apaizaren eta mendikoagatarren artean. Tartean, Johana Aranburu. Giltzapetu egin zuten Johana apaizak eta semeak Eiherelarren, ezkontza egunera arte. Baina deskuidu batean Mendikoaga familiakoek bahitu egin zuten eta Baigorrira eraman lehenik, Lapurdira gero, ondoren Berriozarrera… Bernart Etxepare idazlea du protagonista arestian aipaturiko historiak. Yon Etxaideren Joanak joan dakar gogora derrigor. Koldo Azkona, Danserie Ensemble taldeko musikari eta ikerlariaren lanari esker jakin dugu honen berri. Jakin ahala, ezin izkriba zitekeen hizkuntza hartan eleberri bat idazteko gogoa sortzen du. Azaroko goiz berunkara bat argitu dit ikerlanaren emaitzak. Euskaldunxeago, nafarxeago sentitzeko arrazoi on bat… ... Berria 5 hr
Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista CC BY-SA  — Albiste dira eraso matxistak. Albiste dira, gure aurkako biolentzia desnaturalizatzea lortu dugulako. Indarkeria sinbolikoa arrakalatzen ari garelako. Normala deitzen ziotena jada ez delako hainbeste. Albiste dira eraso matxistak eta titularretan daude. Medio espainolista, pribatu eta arrazistetan, gizonek gizonentzat idatzitako notizietan. Ez dago disputan albistea atera edo ez: garaipen feministen adierazle. Ez dago disputan esan ala ez, baina bai nola esan. Zein den kontakizuna, errelatoa. Zein den errealitatea, zein fikzioa. Medioak aparatu funtsezkoa baitira statu quo-ak hegemonia patriarkala finkatu dezan. Kontatzen digute beldur izan behar dugula. Kontuz ibiltzeko. Ekiditeko leku eta pertsona ezezagunak, saihesteko desorduak. Badaezpada ere, etxeratze kolektiboetan egiteko bueltako bidea. Hartzeko ardura eraso ez diezaguten. Izua erabiltzen dute gure bizitzak kontrolatu eta menderatzeko. Arriskua, diziplinatzeko. Erruduntasuna, erantzukizuna bandoz aldatzeko. Subjektu pasibo eta beldurti nahi gaituzte. Biolentzia eta autodefentsarako gaitasunik gabe. Kontatzen digute haserrearen eta amorruaren kudeaketa pedagogikoa dela beti gure bidea eta patua. Antortxak ateratzea ez omen da zilegi, eta, bat-batean, gure erantzuna eraso bihurtzen da. Biktimak gizonak dira. Botere harremana irauli egin da eta patriarkatua ez da existitzen. Arazoa ez da erradikalegiak garela, arazoa da mendekoak garela. Arazoa ez da gehiegitan salatzen dugula, arazoa da ez dugula salatzen. Kontua ez da haiek onar dezaten zein unetatik aurrera eraso gisa identifikatu eta erantzun daitekeen ekintza bat. Izan ere, botere diferentzia eta ondoriozko indarkeria beti dago. Kontua da zer onartzeko prest gauden eta zer ez; zer erantzuteko gaitasuna dugun eta zer ez. Kontatzen digute bi gizon mota existitzen direla: erasotzaileak direnak, eta onak. Animaliak, eta gizatasuna dutenak. Zoroak, eta arrazionalak. Erasotzaileak ez omen dira asko, ez omen dira dotoreak, liderrak, jatorrak edo aberatsak. Ez omen ditugu ezagutzen, pelikuletan eta titularretan daude soilik. Gure bikotekidea, osaba, bizilaguna eta kuadrillakidea onak omen dira, errespetatzen duten errespetatu beharreko pertsonak. Baina guk ondo dakigu ez dagoela erasotzaile isolaturik, gizonek gizonei biolentziaz jarduteko legitimazioa irekitzen dieten anaidiak baizik. Gizonek ez dute pentsatu behar nola lagundu eta birgizarteratu erasoa egin duen laguna, eraso hori nola legitimatu duten baino. Kontatzen digute gizon onak direla poliziak ere, eta erasotzaileak atxilotzen dituztela. Gogoratzen gara protesta eta okupazioetan jasandako errepresioaz, bide judizialetan jasandako biolentziaz, salaketa uneetan mugimendu feministari ukatutako agentziaz. Ordea, erasotzaile izatearena sistematikoa omen da gizon arrazializatuen kasuan. Bat-batean, haiek dira antortxak ateratzen dituztenak jada erreta dituztenak erretzeko. Jada baztertutakoak baztertzeko. Kriminalizatutakoak kriminalizatzeko gizon on zuriaren supremazismoa elikatuz. Gure aurkako biolentzia erabiltzera ausartuz arrazismoa indartzeko. Errelato patriarkal eta arrazistei, salaketa feminista. Izuaren eta menderakuntzaren saiakerari, boteretze kolektiboa. Autodefentsa feminista banderatzat hartuz, azaroaren 25ean kalean elkartuko gara. l ... Berria 5 hr
Eman klera bat haurrari, gerraz mintzatzeko CC BY-SA  — «Ausartuko gara umeen heriotzaz hitz egiten? Ausartuko gara gerretan haurrak nola hiltzen dituzten kontatzera?», galdetu zion Leire Bilbao idazleak Jon Maia dantzariari. Bistan da ausartu direla: gerra baten erdian harrapatuta dagoen ume baten istorioa kontatu dute. Eta ezohiko formatuan, gainera; izan ere, gutxitan ikusi izan dira literatura, ilustrazioa, musika eta dantza liburu batean bildurik. Horren emaitza da Klera, eta Elkar argitaletxeak kaleratu du. Nola egin duten? Bada, Bilbaok idatzitako testuen eta June San Sebastian ilustratzaileak egindako irudien artean QR kodeak txertatu dituzte. Eta bertan aurki daitezke Kukai dantza taldeko partaideak, Maite Larburu musikariak konposatutako erritmoetan dantzan. Horiek bideoan jasotzeko ardura David Bernuesena izan da, eta guztia koordinatzen Maia ibili da, bera izan baita proiektuaren zuzendari artistikoa. Hitzaz haragoko «espresio bideak» Izan, Maiaren burutapen batetik hasi zen proiektua. «Sentsibilizazio eta kontzientziazio lana» egitea oso garrantzitsua dela azpimarratu du hark, baita arteak kontzientziak «astindu» behar dituela ere. «Momentu honetan dugun errealitateari erreparatu behar diogu, eta bizi garen lekutik gure begirada bat eman. Batzuetan badirudi familia nahiz eskola girorako zerbait egiten duzunean koloreak, puxikak eta serpentinak izan behar dituela, eta harritu egiten gara istorio bat tristea denean». Horrez gain, estetikoki ariketa «oso ederra» izan dela aitortu du dantzariak, lengoaia artistiko guztiak biltzeko balio izan duen formatuarekin «asmatu» dutelako. Bilbaok azaldu du dei batekin hasi zela dena: «Jonek [Maia] gauza interesgarri asko esan zizkidan, eta, horien artean, euskarri fisiko berri bat izateko gogoa zuela bota zidan. Izan ere, bazuen nolabaiteko sentipena dantzarien jardun eszenikoa oholtzan hasi eta bertan amaitzen zela askotan, beste euskarririk izango ez balu bezala». Azkenean, «lan berezi bat» egin dutela iritzi dio idazleak, literatura, ilustrazioa, musika eta dantza proiektuaren «espresio bide» izatea lortu baitute. «Momentu honetan dugun errealitateari erreparatu behar diogu, eta bizi garen lekutik gure begirada bat eman» JON MAIA Dantzaria eta 'Klera'-ko zuzendari artistikoa Elkarlanean, «bata bestea elikatuz» ibili direla adierazi du Maiak, eta horixe bera berretsi dute gainerako artistek ere. Bilbaok, esaterako, testuaren «isiltasunak» beste diziplinek betetzen dituztela nabarmendu du, eta bakoitzak «bere bidea» egin duela. «Nire kasuan, eszenetan irudikatu nuen kontakizuna, eta horrela kontatzea erabaki dut». Halaber, San Sebastianek, hark egindako ilustrazioen inguruan azalpenak eman ditu: «Oso garrantzitsua izan den elementu grafiko bat kolorea izan da. Funtsean, horren gai gordina izanik, haurrengana hurbiltzeko elementu gisa erabili dut». Horiek horrela, zuriari eta beltzari koloreak txertatzeko beharra sentitu duela esan du ilustratzaileak. «Horregatik gorriaren errepikapena, beste zenbait elementu txiki batzuen antzera». Urrunetik sortzearen «luxua» Larburuk, bestalde, sortzailearen «luxua» mahaigaineratu du: «Nola bihurtu gerraren hotsak soinu? Gerra batean murgilduta, ezinezkoa da hori sortzea. Guk gerra bat soinuekin eta irudiekin islatzeko luxua dugu. Distantzia batetik ari gara, eta hori ere aldarrikatu behar dugu». «Nola bihurtu gerraren hotsak soinu? Gerra batean murgilduta, ezinezkoa da hori sortzea. Guk gerra bat soinuekin eta irudiekin islatzeko luxua dugu. Distantzia batetik ari gara, eta hori ere aldarrikatu behar dugu» MAITE LARBURUMusikaria Errealitate hori islatzeko doinu «opakoak» eta «distiratsuak» erabili ditu musikariak. «Larruari egindako harramazkak, harriak, pausoak eta perkusio hotsak erabili ditut nagusiki doinu opakoetarako». Eta adibide batekin jarraitu du: «Lehen bideoan agertzen diren bonba hotsak benetakoak dira, Palestinakoak hain zuzen. Leherketa hots errepikatuen gainean harmonia ziklo bat hasten da, eta hor dago distira». Horrez gain, soinuak bere «espazio propioa» izatea beharrezkoa dela onartu du musikariak: «Sarritan irudia laguntzeko lan egiten dugu, eta hori ere gozagarria da, baina oso ederra iruditzen zait lau ikus-entzunezkoez gain, bi audio artxibo ere bertan egotea, irudirik gabeak. Uste dut horrek ipuinari arnasgune bat ematen diola». Haurrak protagonista Haur baten istorioa kontatzea izan dute helburu, baina ez da horregatik bereziki haurrentzako lan bat; umeekin partekatzeko liburua da. «Ez dira jarraibideak eman behar liburu bat nola irakurri behar den esateko, baina uste dut liburua beste dimentsio batera igarotzen dela baldin eta irakurketa partekatua egiten bada; hau da, ahots ozenez irakurtzen bada», adierazi du Bilbaok. San Sebastianek ere haurrei egin die keinu: «Fikziozko istorio bateko protagonista konkretu bat irudikatu dut. Kasu honetan ile beltza eta bota gorriak izateak ez du esan nahi haur jakin bat irudikatu nahi izan dudanik; kontrara, beste edozein haur izan zitekeela aldarrikatu nahi izan dut». Haurraren unibertsaltasuna eta anonimotasuna mantentzeko «tentuz eta ongi pentsatuta» ilustratu duela azaldu du. «Horregatik, kasu askotan haurra urrutitik ikusiko da, edota bizkarrez, anonimotasun hori mantentzearren». ... Berria 5 hr
Obsesio identitarioa CC BY-SA  — Goraipatzekoa da PSE-EEko presidentearen obsesio identitarioa. Beti adi gizartearen zati baten edozein desbideratzeri, nahiz eta hura zatikatu; beti hizkuntza komunaren defentsa itxian, baina bere ahozko nahiz idatzizko komunikazioan soilik erabiliz. Eta zer esan Festa Nazionala Gasteizko erdigunean ospatzeari buruz, Guardia Zibil estimatuaren geldialdi bikain batekin, non Gasteizko alkatea eta gobernu zentralaren ordezkaria ere ez baitzituen oso aparte izan. Jarrai ezazu aurrera, zorabiorik gabe, Nicolas Redondo Terreros PSE-EEko beste presidente ospetsu haren bide ia ahaztu horretatik. Gainera, zortea lagun duzu; izan ere, nahiz eta gutxiengoa izan, zure obsesioa ez da utopia izan behar, indarra zuek baituzue, ez botoena edo arrazoiarena, baizik eta indar gordina, euskal gizartearen gehiengoari inposatzeko, hura zatituz bada ere; eta horren beldur da gure politikaria mihi-luzea. ... Berria 5 hr
Flow 2000 CC BY-SA  — Bazkaltzeko geratu nintzen 2001ean jaiotako lagun batekin eta bigarren platera jaten ari ginela 1978an jaiotako beste kide bat pasa zen Garraxiko terrazatik —ez da txiste bat, lasai, eta ni 1989koa naiz—. Berak zigarroa erre eta guk alberjiniak bukatu bitartean asteburukoak aletu genituen: Gipuzkoako Txapelketa maskulinitate normatiboaren gotorleku gisa eta Laudion bostehun feminista batzearen ondorena, batik bat. 1978koak bazekien 2001ekoa gaztea zela baina lausoki: uste zuen gazteagoa zela tipo ni, ez zinez gaztea tipo bere ikasleak; harrituta geratu zen gaia atera zenean —beti ateratzen da-dugu—. Ni pozik nago bizitzaren erdibide honetan: luzaroan erreferente izan ditudanez gainera, berriak dauzkat orain; katearen bi aldeek elikatzen naute. Txikitan, beldurra izan nion 2000. urteari —beldurra eta irrika batera—, labeko erlojua erotu eta kaosa gailenduko ote zen munduan, baina hara non. Eibarko final-laurdenean hegaz egin ostean Alaia Martinek irabazlearen agurrean esan zuen bezala: «Oholtza zabalagotzen/ behar dugu segi/ Zabaldu belarriak/ ahots berriei». Eta ez hain berriei. ... Berria 5 hr
Udalatxeko gurutzea desagertu eta gero CC BY-SA  — Zenbait iritzi irakurri ditugu azken asteetan, herriaren izenean idatzitakoak, oso partzialak direnak eta inoiz kontuan izan gabe ze egoeratan bizi ginen 1971n. Hau da gure iritzia. Udalatxen gurutzea jarri zen unea bere testuinguruan jarri behar dela uste dugu. Hortaz, noiz jarri zen? Frankismo garaian; kolpe militarraren diktadura ezarri eta 32 urtera. Kolpe militarraren indar faktikoek, orduan esaten zen bezala, La Cruz, la Espada y el Saco, bultzatutako eta finantzatutako diktadura (Elizaren hierarkia, militarrak eta indar errepresiboak, dirudun handiak eta lur jabeak, hurrenez hurren). Hezkuntza zeinen menpe zegoen? Eliza katolikoaren eta Falangeren esku, jakina: Erlijioa eta Espiritu nazionala. Dena zen bekatu, sexualitatea erreprimituta (besteena, ez eurena), arrosario santua egunero, eskutik oratuta elizara igandeetan ikasleak… 1971n herritar batzuen ekimenez Udalatxean gurutzea jartzea ez zen ekintza neutroa izan; segurutik euren asmoa hori ez izan arren. Hau da, mondragoetar batzuek inori galdetu gabe erabaki zuten 12 metroko gurutzea jartzea herritik bistan, diktadura batean geunden eta laikotasuna debekatuta zegoen garaian. Mondragoetar laikoen ideia errespetatu zuten orduan? Ezetz esango genuke, inposizio bat izan zen. Orain, beste batzuek, une honetan gurutzea eurentzat botere zapaltzailea delako, moztu egin dute. Eta gauez egin dute, badakitelako egunez eginez gero atxilotuak izango zirela eta, segurutik, kartzela zigorrarekin gainera (agertu dira, bai, zigorra eskatzen ari direnak ekintzaileentzat). Ekintza honekin mindu dituztela gurutzea jarri zutenak eta beste herritar batzuk? Bai. Eta 1971n ez al zuten inor mindu? Ados egon edo ez ekintzarekin, ekintza politiko baten aurrean gaude. Ekintza honekin ez dute jarri ikur berezirik, 1971n bezala. Trantsizio politikoa adostu zutenek onartu zuten kolpe militar faxista bultzatu zuten goian aipatu hiru indar faktiko horiek jarraitzea, inongo erantzukizunik eskatu gabe; eta hor jarraitzen dute santuak balira bezala, kriminalak izan ziren arren. Zigorrik eskatzekotan, badago hor nondik hasi. Diktadorea hil ondoren, Espainiar Estatuak akonfesional deklaratu zuen bere burua; horregatik, debekatuta egon beharko zen udal-lurretan (lur publiko guztietan) edozein ikur erlijioso jartzea. Are gehiago, gaur egun gure herria osatzen duen kultura eta erlijio arragoarekin. Fede kontuak ezin dira eremu pribatutik atera, are gutxiago udal agenda politikoa markatu. Herri laiko bat gara, guztien sinesmenak errespetatu behar ditugu, fededunenak eta laikoenak. Eta, une honetan, bide horretatik joatea uste dugu dela zuzenena. Udalatxeko gurutzea berriro jartzeko argudioak, Jaungoikoa eta lege zaharretik hurbilago dauden XIX. mendeko diskurtsoak dira; edo, bestela, aurkari politikoen kontra egiteko dena baliagarria den ideiarekin osatutakoak. Harrigarria. Alternatibatik, aldarrikapen mesianikoen gainetik, Euskal Errepublika subirano eta laiko bat defendatzen dugu, eta defendatuko dugu. Herri, pertsona, animalia eta ingurumenaren eskubideak urratzen dituzten tradizioak desagertzearen alde egingo dugu beti. Beraz, inor mindu nahi ez badugu, ikur neutralak edo adostutakoak jar ditzagun toki partekatu eta publikoetan. ... Berria 5 hr
Dendatik azokarako jauzia CC BY-SA  — Zutabe koloretsuen artean, eta eraikineko askotariko espazioen artean, kristalezko erakusleiho batekin egiten die bisitariei harrera DendAZ tokiko diseinatzaileen dendak, Bilboko Azkuna zentroan. Sortzaileei plaza bat eskaintzeko sortu zen, beren produktuak ezagutarazteko eta salgai jartzeko. Urtean bitan, ordea, azoka formatua hartzen du proiektuak: This is Basque Design azoka (Hau da euskal diseinua) egingo dute, bihartik igandera bitartean, Azkuna zentroan. «Askotan, denda batera sartzea kosta egiten zaigu, eta hori erraztu nahi dugu. Erosi ala ez, produktuak ikustea, ekoizleekin hitz egitea, eta produktu guztien ezaugarriak ezagutzea bultzatu nahi dugu», esan du Jol Gisasola Azkuna zentroko erabiltzaileen arretarako arduradunak. Sarrera doakoa izango da, eta, guztira, 34 diseinatzailek parte hartuko dute, askotariko proiektuak lantzen dituztenak: bitxigintza, dekorazioa, osagarriak, jostailuak, liburuak, ilustrazioak... Dendan saltzen dituzten produktuak ez ezik, diseinatzaileen proiektuaren ezaugarriak zeintzuk diren jakiteko aukera ematea da azokaren helburuetako bat, Gisasolaren hitzetan: «Diseinatzaileen arazo handienetakoa izaten da asmatzea beren produktua zelan ipini gizartearen aurrean. Hau oso oholtza berezia da; milaka pertsonak ikusiko dute, eta beren ezaugarri nagusiak azaltzeko aukera emango die: jasangarritasuna, elkarlana, bertako ekoizleak izatea...». Hain zuzen, diseinatzaileekin hitz eginda, norbere proiektuen balioak nabarmentzeko aukera ematen du azokak. Ezberdintasunak ezberdintasun, denak bertakoak dira, ordea: «Hona ez datoz Euskal Herritik kanpoko sortzaileak. Bata Deustukoa [Bilbo] izan daiteke, bestea Irungoa [Gipuzkoa], eta bestea Donibane Lohizunekoa [Lapurdi]. Baina oso gertukoak dira denak». Eta bertakotasuna ez ezik, jasangarritasuna ere bada horien oinarrietako bat. «Kasu askotan birziklatzen dituzte erabilitako materialak, eta askok azoka baliatu gura dute ez bakarrik beren produktuak saltzeko, baizik eta jendeak jakiteko ekoizpen mota hori posible dela». Proiektu horien bidez, jasangarritasuna «hitz huts bat baino gehiago» dela erakutsi nahi dute, gerora jendeak bere bizitzan aplikatu dezan. Azokatik harago Asteburukoa ez da azoka soil bat izango, ordea. Hainbat tailer egingo dituzte, arte diziplina ugari probatzeko aukera emango dutenak. Bihar izango da lehenengoa, 17:00etan. Susana Blasco diseinatzaile grafiko eta artista bisualak collage teknika erabiltzeko tailerra emango du. Argazkiekin egindako collageak egiten ditu, eta teknika horretan aritu direnek eta ez direnek parte har dezakete: «Aukera paregabea da irudiei beste modu batean begiratzen ikasteko, esperimentatzeko eta prozesu geometrikoaz gozatzeko». Bigarren tailerra Tytti Thusberg diseinatzaileak emango du, etzi, 11:00etatik 13:30era. Moda ekologikoaren arloan hogei urte inguru daramatza, eta Karelia izeneko bildumarako erabili duen materiala nola egiten duen azalduko du: plastikozko hondakinak eta ardi latxaren artilea lotzen dituen material birziklatu bat erabiltzen du horretarako. Larru artifizialaren antzeko testura bat lortzen du material horrekin, jantzietan eta osagarrietan erabil daitekeena. Hirugarren eta azken tailerra ere ordu berean izango da. Karama Candle proiektua osatzen duen bikoteak emango du. Argizaria erabilita, kandelak eta wax melts deritzenak egingo dituzte: argizaria eta olio begetalak erabiliz sortutako pastila usaindunak. Dendan, azokan eta egunerokoan jasangarritasunaren aldeko apustua egitea bultzatu nahi dute: «Tailerraren helburua ez da kandela pila bat egitea. Baizik eta kontzientzia hori hartzea: zuek ikusi, zuen kabuz egiaztatu hau zelan den, eta, gero, zuen inguruan ere aldarrikatu». ... Berria 5 hr
Olariaga 2024-11-21 CC BY-SA   Berria 5 hr
Elbereth: hamaika ezpaleko metala CC BY-SA  — Elbereth taldeak uraren berezko jariotasun berberaz egin dezake kanta berean black metal ilunenetik hasi eta thrash metal bizienerako bidea, gero, berehala heavy metal klasikoagora pasatu, eta lelo melodiatsu baten ostean, death metal pasarte batekin amaitzeko. «Metalik entzuten ez duen norbaitentzako, igual, kanta guztiak berdinak direla irudituko zaio», onartu du Aritz Legorburu taldekideak, «baina metalaren munduan dagoen jendeak bai igarriko ditu ñabardura horiek, eta gu beti saiatzen gara diskoak, ahal dela, bariatuak izan daitezen, eta metalaren adar batetik bestera ahalik eta erarik naturalenean joaten». Bosgarren estudioko lana eman du orain argitara, eta taldearen estilo artekotasun horren froga da lana: Omen (Basque Metal Country). Legazpin (Gipuzkoa) sortu zen taldea, 2001. urtean, eta, beraz, 25 urte beteko ditu laster. Legorburuk onartu duenez, heavy metal klasikoagoa lantzen hasi zuten ibilbidea, baina metalaren bestelako esparruetara jotzen bukatu dute urteekin. «Heavy klasikoa eta power metal pila bat entzuten genuen hasieran, eta gero joan gara entzuten beste gauza batzuk. Nik, adibidez, igual, death eta black metala egin ditut batez ere, eta beste batzuek thrash metala gehiago, eta eboluzio hori ere nabaritu da musikan». «Heavy klasikoa eta power metal pila bat entzuten genuen hasieran. Gero beste gauza batzuk entzuten joan gara, eta eboluzio hori ere nabaritu da musikan» ARITZ LEGORBURU Elbereth taldeko baxu jotzailea Eta, dioenez, bada Omen diskoan bereziki aipatzekoa den elementu bat ere. «Nahiz eta musika batzuetan oso gogorra izan, ahotsaren lanketa orain arte baino melodikoagoa izan da». Eta, hain zuzen ere, Bidelagun abestiaren lelo itsaskorra izan daiteke horren adibide. Elbereth taldearen Omen diskoaren azala. Bost kide ditu taldeak, eta gitarra jotzen dute haietako hiruk: Iker Manso kantariak, Ruben Sanchezek eta Julen Albizuk. Xabier Etxeberriak jotzen du bateria, eta baxua, berriz, Legorburuk. Kolaborazio bat ere badu diskoak, gainera. Su ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek ere kantatu du Begi izkutua kantuan, eta, Legorbururen hitzetan, hain zuzen ere, kantu horri Su ta Gar taldearen aire bat igartzen ziotelako egin zioten proposamena. «Zortzi abestirekin, printzipioz, diskoa jadanik itxita genuen, baina Iker [Manso] hasi zen jotzen riff bat, elkarri begiratu eta esan genuen: 'Hau Su ta Gar da!'. Hurrengo egunerako landu zuen pixka bat gehiago, denok elkarrekin jo genuen, eta hurrengo egunean bertan idatzi genion Aitorri [Gorosabeli], eta baietz esan zigun». «Gu ez gara ezkutatzen», hasi du azalpena musikariak. «Abesti bat konposatzen hasten garenean, letra lantzen hasi aurretik, talde baten izena izaten du titulutzat. Begi izkutua zen Su ta Gar eta Sorginak zen Gojira. Eta Gorosabelek ahotsa sartzea guretzako izan da opari bat». Sorkuntza prozesua Hala sortu ohi dituzte kantak. Legorburuk azaldu duenez, riff edo melodiaren batekin hasten dira kantak sortzen, baina, gero, entsegu lokalean osatzen dituzte. «Pixka bat analogikoak gara gu», esan du barrez. Eta horrek ere badu musikan eraginik, baxu jotzaileak dioenez, horrek uztartu egiten baititu taldekide bakoitzak dakartzan eraginak. «Abestiak lantzen hasten garenean, igual, hartzen ditugu lantzen ari garen beste kanta bateko ideiak, eta, horrela, hasieran bi kanta zirenek, azkenean, kanta bakarra izaten bukatzen dute». Bergarako Esnse estudioan (Gipuzkoa) grabatu dute diskoa. Metal progresiboa lantzen duen Lampr3a taldeko Borja Gomez bateria jotzaileak, Borja Mintegia gitarristak eta J. I. Izagirre baxu jotzaileak jarri dute martxan proiektua, eta, Legorburuk dioenez, Elbereth taldeko kideak ere pozik geratu dira bertan lortutako emaitzarekin. «Batez ere gertutasuna nahi genuen», azaldu du, «eta guretzat oso erraza izan da horregatik. Lanetik atera, hara joan, egin behar zena egin eta buelta». Borja Gomez aritu da teknikari lanetan. Lambr3a taldean ez ezik, Soziedad Alkoholikan ere jotzen du bateria, eta, Legorburuk onartu duenez, horri esker, bereziki landuta dago bateriaren soinua diskoan. «Bere bateria utzi digu eta oso ongi kontrolatuta du haren soinua. Inoiz baino gehiago disfrutatu dugu. Disko honetan, horregatik, bateriaren soinua da aurreko lanekiko igar daitekeen diferentziarik handienetako bat». Andoni eta Igor, gogoan Diskoarekin batera, 130 orri inguruko liburu bat ere eman dute argitara, eta bertan Andoni eta Igor dira protagonista nagusiak. Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi, hain zuzen ere. Legazpin (Gipuzkoa) herri mugimendu askotan oso aktibo izan ziren biak, eta, horrez gainera, Elbereth-en letragilea ere izan zen Iñurritegi. 2023an hil ziren biak Lleidan (Herrialde katalanak) izandako auto istripu batean, eta kolpe gogorra izan zen hori taldekideentzat. Haiei buruzko kanta bat sortu zuten lehenik —Argia itzali da—, baina, azkenerako, disko osora zabaldu zen haien omenaldia, eta, horregatik, haiek dira diskoarekin batera kaleratu duten liburuko bi protagonista nagusiak ere. «Une honetan gaztetxe askotan barne gorabehera asko dituzte eta ez da erraza kontzertu bat eskaintzea. Baina guk Euskal Herriko gaztetxe guztietan ez bada, gehien-gehienetan jo dugu» ARITZ LEGORBURU Elbereth taldeko baxu jotzailea Taldearen ia 25 urteko ibilbidearen errepaso moduko bat ere egiten du liburuak, eta behin baino gehiagotan nabarmentzen da bertan gaztetxeek zein herri mugimendu alternatiboek izan duten garrantzia. Baina, Legorburuk, onartu duenez, aldatzen sumatu dute eszena azkenaldian. «Une honetan gaztetxeena beherakadan dago. Haietako askotan barne gorabehera asko dituzte eta ez da erraza kontzertu bat eskaintzea. Baina guk Euskal Herriko gaztetxe guztietan ez bada, gehien-gehienetan jo dugu». Euskal Herritik kanpo ere maiz aritu dira zuzenean, eta Legorburuk dioenez, beti izan dute harrera ona. «Euskaraz abesten dugu, eta tratua beti oso-oso ona izan da, eta jotzen ari zarenean jendeak metaleatu egiten duzula ikusten duenean, erantzuna oso ona izaten da. Aurreko bi diskoek, adibidez, oso harrera ona izan zuten Espainia mailako hedabide alternatiboetan, kasik Euskal Herrikoetan baino hobea». Hilabeteak baino ez dituzte falta 15 urteak betetzeko, eta hainbat kontzertu dituzte itxita diskoa zuzenean aurkezteko. KONTZERTUAK 2024-12-07. Legazpin (Gipuzkoa), Subeltz eguna. 2025-02-22. Madrilen, Leize taldearekin. ... Berria 5 hr
Eroriko ez den monumentua Iruñean CC BY-SA  — Ados jartzeko gai zaila da, zer egin —behin hura bukatuta— diktadura batean esanguratsuak izan diren eraikinekin, errepresioarekin zuzenean lotutako ikur arkitektonikoak baitira. Sendoak, handiak… betiko irauteko asmoarekin eraikitzea agindu ohi zuten diktadurako arduradunek, diktadurak berak ere bukaerarik edukiko ez zuela sinetsita. Frankistek 1942an Iruñearen erdigunean altxa zuten Erorien Monumentuaren etorkizuna eztabaida iturri izan da azken urteotan. Eztabaida horrek bide motza eduki zuen udaletxean UPNk alkatetza zeukan bitartean, ukitu ezin zen eraikina zelako. 2015eko udal hauteskundeen ondoren EH Bilduk alkatetza hartuta, indarra hartu zuen eztabaidak iruindarren etxe nagusian. Hiru aukera zeuden: bere horretan uztea –UPNk nahi zuena—, hauts bihurtzea –hori eskatu zuten otsailean Nafarroako hogei elkarte memorialistak—, eta zutik irautea frankismoaren ikurrak kenduta. Hirugarren aukera izan da udaleko hiru alderdi nagusien artean –EH Bildu, PSN eta Geroa Bai— adostasuna bildu duen bakarra. Hainbat aldaketa nabarmen eginda, memoria demokratikoaren gunea izatea nahi dute. Auschwitz –Polonian— izan zen nazien kontzentrazio esparrurik gogorrena. Eraikinak bere horretan utzita, iaz 1,5 milioi bisitari eduki zituen museoa zabaldu zuen 1947an Poloniako Gobernuak. Iruñeko kasu bera da? ... Berria 5 hr
Etorkizuna CC BY-SA  — Duela hiru bat urte –hau da, iraganean– entzun nuen aurrenekoz «ariketa espekulatiboei» buruz. Orainaren argazkiak egiten dituen eta horretarako genealogien eta arrazoi estrukturalen beharra ikusten duen norbaitentzat sekulako irudimen ariketa nekeza izan zen, egia esan. Inspiratzailea, itxaropentsua eta dibertigarria ere bai, Euskal Herrian 1960ko hamarkadako loraldiaren errentaz bizi garela eta azken apurrak agortzen ari direla pentsatzen duenarentzat –hau da, iragan jada nahiko urrun batean ainguratuta gaudela eta orainak dituen erritmo bizietara ere egokitu behar garela pentsatzen duenarentzat–. Taroteko kartak, etorkizuneko iragarleak, sutondoko akelarrea… dena zen berria, biharra irudikatzeko, nolabait. Azken hiru hilabeteetan –hau da, orainaldi erlatibo batean– etengabe gurutzatu zaizkit halako proiektu eta ariketak. Iragarle batek esango luke nire gorputz-gogoak behar duela gaurtik ihes egin eta horregatik iritsi zaidala seinalea, dela liburuen bidez –Zirriborroak eta gero irakurtzen egon gara irakurle txokoan–, dela autoan –halako prozesuetan dabilen bidaide batekin partekatzen ditut astean ordu dezente–, eta dela herri mugimenduetatik –pare bat saiotan izan naiz, azkena joan den larunbatean Bilgune Feministaren topaketetan–. Iragarlea ez dago oker, mundu zital honetan irauteko modu bakanetakoa iruditzen baitzait deitu utopia, deitu etorkizun loriatsu, deitu geroa desiragarriak marraztea. Baina iruditzen zait askotan ihes egiten diogula gaurrari eta Angela Davisek zioen esperantzaren diziplina ez dugula proiektatu bakarrik egin behar, baizik eta orainean aplikatu. Irakurle txokora egindako bisitan, Ixiar Rozasek esan zigun denborak dimentsio asko dituela. Besteak beste, oraina atzo eta bihar ere badela. Beraz, etorkizuna gaur ere badenez, sartu dut jada botoa ontzian, denon artean eraikitako unibertsitate baten alde, ea tarotak asmatzen duen datorren asteartean eta aldaketa ez den zientzia fikzioan geratzen. ... Berria 5 hr
'Sarri, Sarri' CC BY-SA  — Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan, baina zer eta non kantatu ondo aukeratu behar da. Faxistek telebista publikoko orduak betetzen dituzten bitartean, ezin da Martutenen Sarri, Sarri kantatu. Uler dezaket badirela biktimak mindu egiten dituzten gauzak, baina ez dakit Joseba Sarrionandiaren eta Angel Pikabearen ihesa gogoratzen duen kantua horietako bat denik. Lau hamarkada pasatu dira Martutenetik ihes egin zutenetik, eta Fermin Muguruzak han emandako kontzertu batean gogoratu egin zituen. Orain, kartzeletan egitekoak diren kultur emankizunetarako baldintzak gogortu egin dituzte. Ez da justua, agian zentzuzkoa ere ez, baina horrela daude gauzak. Memoriak eta egiak ertz asko dituzte. Indarkeriak aurpegi bat baino gehiago izan dituen moduan, gurean. Ikuspegi guztiak ez baditugu errelato bakarrean sartzen, bakoitzak berea kontatzen jarraituko du. Eta bakoitzak bere kantuei egingo die dantzan, eta beti batzuk izango dira dena gaizki egin dutenak, eta beti batzuk dena ondo egin dutenak. Eta horrela ez dago elkarbizitza sanorako aukerarik. ... Berria 5 hr
Zaldieroa 2024-11-21 CC BY-SA   Berria 5 hr
Sorturentzat Brouarden eta Muguruzaren borroka «inoiz baino biziago» dago CC BY-SA  — Santi Brouard hil zutenetik 40 urtera eta Josu Muguruza hil zutenetik 35 urtera, Sorturentzat «haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago» dago. Hala esan du Paul Laka Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak, HBko bi ordezkarien hilketen urteurrenetan egindako manifestazioaren amaieran. Brouarden kontsultatik Plaza Berrirako bidea egin dute manifestariek, Herriaren arnasa – Independentziarako Indarra! lelopean. Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta herri gisa aritzeko garaia dela aldarrikatu dute. «Askatasun hori, ezinbestean, gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzean oinarritu behar da», gaineratu du Lakak. Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideak ere hitz egin du. Euskal Herriak «nazio zapaldua» izaten jarraitzen duela oroitu du, eta hura itotzeko «gerra zikina» erabili izan dutela. «Espainiako Estatuak eragindako biktimen aitortza ofizialetan urratsak egin arren, bide luzea dago egiteko oraindik aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan». Horren aurrean, nabarmendu du «memoria osoa» eraiki behar dela eta gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola, haren iritzian horretarako aukera badelako. Nazio aitortza eta estatus politiko-juridiko berrien eztabaida «pil-pilean» dela nabarmendu du. EH Bilduk Nazioa gara lelopean larunbat honetan Bilbon egingo duen mobilizaziora joateko dei egin dute bukatzeko. Nazioarteari begira Nazioarteko gerra giroa ere izan du hizpide Lakak, eta «basakeria ala bakea» hautatzeko momentua dela azaldu du: «Eliteen belizismoaren aurrean, kosta ahala kosta, bakea defendatu behar da. Gerra ezarri nahi digute, statu quo-ak bere horretan iraun dezan, eta eliteek kapitala pilatzen jarrai dezaten, langile klasearen bizkar. Horren aurrean, munduko ezkerrak bakea eraikitzeko betebeharra du». Horretarako konpromisoa azaldu du, Euskal Herria askatasunera eramango duen proiektua azkeneraino eramatearekin batera: «Bidea herriarekin berarekin eginez, herria dagoen tokian egonez, herri arnasa izanez» Erlazionatuta Zubigileak Erakundeek biktimen auzian hartutako norabidea deitoratu du Egiari Zor fundazioak . ... Berria 13 hr
Pradalesek Lehendakaritzara gonbidatu du Fermin Muguruza, «bizikidetzaz eta memoriaz hitz egiteko» CC BY-SA  — «Memoriari eta biktimei, espetxe politikari eta adierazpen askatasunari eragiten dieten gaiak nahikoa serioak dira inora eramaten ez gaituzten planteamendu mediatiko antzuekin aritzeko haietaz». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak horrela erantzun dio, gaur, Fermin Muguruzak atzo eginiko eskaerari. Musikariak kontzertua eman zuen larunbatean Martuteneko espetxean, Donostian, eta, han Sarri, Sarri kantua interpretatu zuela eta, Justizia Sailak zera jakinarazi zuen atzo, ohar bidez: gogortu egingo dituela espetxeetan kultur emanaldiak egiteko baldintzak. Horren inguruan, Muguruzak adierazi zuen «atzerapausoa» dela Eusko Jaurlaritzak orain erabakitzea kultur ekitaldiei baldintzak zorroztea, eta, lehendakariari mintzatuz, esan zuen jakin nahiko lukeela zer pentsatzen duen Pradalesek erabakiaz. Gaur erantzun dio lehendakariak Muguruzari, eta adierazi du Jaurlaritzak «bere erabakia» eman duela, eta ez duela horren inguruan «gehiago» esateko. Hala ere, gaineratu du prest dagoela musikariarekin hitz egiteko: «Muguruzak hitz egin nahi badu bizikidetzaz eta memoriaz, bere osotasunean, Lehendakaritzako ateak irekiak ditu solasaldi zintzo bat izateko». Bide batez, Pradalesek Muguruza zoriondu du, «Anoetako bere kontzertua oso arrakastatsua izango delako». ... Berria 14 hr
«Kolektibo batzuk prekaritatean daude, eta unibertsitate batek ez luke halakorik onartu behar» CC BY-SA  — Hondarrean da EHUren errektoretzarako hauteskunde kanpaina; bertan da azaroaren 26a. Joxerramon Bengoetxea errektoregaia (Irun, Gipuzkoa, 1963) «ilusio handiz» dago, «oso gogotsu». Batera eta bestera dabil programa aurkezten, inguratzen zaionak esateko ... Berria 14 hr
Koldo Azkona: “Aulkitik jauzia egin nuen irakurri nuenean Etxeparek semea izan zuela apaiza zelarik” CC BY-SA  — Danserie Ensemble musika talde iruindarrak Bernart Etxepareren bizipenak azaleratu ditu, Pamiela argitaletxearen eskutik plazaraturiko disko-liburu batean ... Euskalerria Irratia 15 hr
Askatasuna ez da bozkatzen CC BY-SA   Euskalerria Irratia 16 hr
Irrintzi Plaza 2024-11-20 CC BY-SA   Euskalerria Irratia 16 hr
Maravillas Lamberto CC BY-SA   Euskalerria Irratia 16 hr
Mansplaining-a eta sare sozialak, Karmele Jaiorekin CC BY-SA  — Zergatik tematzen dira gizonak emakumeoi gauzak irakasten? 'Irratiko señorak' sekzioaren atal honetan, 'mansplaining' delakoa eta sare sozialak izan ditugu mintzagai Karmele Jaiorekin ... Euskalerria Irratia 16 hr
Bestela pentsatzeko heldulekuak dakartza Joseba Zulaikak 'Aberriaren inpaseak' saiakeran CC BY-SA  — Lehen tesi gisa, euskaldun jendea ez atzera ez aurrera dagoela dio Joseba Zulaika antropologian doktoreak (Itziar, Gipuzkoa, 1948) Aberriaren inpaseak saiakeran (Alberdania). Badu bigarrena ere: impasse-a beharrezkoa da, baldin eta euskal subjektu berriak sortuko badira. Egileak bere esperientzia izan du abiapuntu —«40 urtez atzerrian bizi izan eta gero, berreuskalduntze baterako prozesuan aurkitutako erronka eta nahasmenen inbentarioa da hau»—; akuilua, berriz, Alberdania argitaletxea bera, eta, zehazki, Jorge Gimenez Bech zena, haren enkarguz heldu baitzion saiakera honen mamiari Zulaikak. Adiskidea ere bazuen haren faltan, Gorka Bereziartua idazle eta kazetariak egin dio editorearena. Bereziartuak debaterako liburu gisa definitu du Zulaikaren lana. Haatik, ez dakar zeinahi debate molde, eta are gutxiago, «azken urteetako algoritmo polarizatzaileek bultzatzen duten klabeetan». Zulaikak pil-pilean dauden gai ugari dakusa ez atzera ez aurrera, hala nola euskararen egoera, naziogintza eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna. Bereziartuaren aburuz, impasse-a ez da utopiaren tokia: «Egonezina dakar, zirt edo zart egin beharra sortzen du, baina izan daiteke gure biharko kultura eta politika beste modu batera irudikatzen hasteko modu bat». Hortaz, gizartea eratzen duten osagaien artikulazio berriak proposatzen ditu, behin betiko erantzunik eman gabe, betiere. Bereziartua: «Geure burua impasse horretan pentsatzea da Zulaikaren ekarpena; orain arte era jakin batean ulertu ditugun gauzak beste toki batetik pentsatzeko ematen du bidea». «'Impasse'-ak egonezina dakar, zirt edo zart egin beharra sortzen du, baina izan daiteke gure biharko kultura eta politika beste modu batera irudikatzen hasteko modu bat» GORKA BEREZIARTUA Editorea Bizitzaren erdia baino gehiago kanpoan eman eta gero, duela bost urte itzuli zen Zulaika Euskal Herrira. Horrek eman dio, hain zuen, lehen galderak pausatzeko motiboa—«Nola aldatu da Euskal Herria? Zer izan da gure belaunaldiaren jardunbidea?»—, bai eta impasse-aren diskurtsoa harilkatzeko funtsa ere: «Pausatutako galdera horiei emango zaien erantzuna, izan porrota, izan arrakasta, jarrera estrategiko bihurtzen da, portaera definitzen du». Kontzeptua zabalago agertze aldera, politikari lotu zaio lehendabizi: «Gurea ETAren belaunaldia izan zen, eta, hura amaituta, euskal subjektu politikoak egokitu egin behar izan du». Subjektu horietarik batzuk «naufragoak» edo «erraktiboak» izango lirateke, egindako bidean dena okerra izan zela pentsatzeagatik, besteak beste. Zulaikak Antonio Gramsci pentsalari marxistaren esanarekin egin du bat: «Porrotetik ikasi egin behar da, ez du zertan negatiboa izan». Euskararen gaia ere impasse-aren eremura eraman du: «Soziologiak emandako datuak hartuz gero, euskaldunak 900.000 lagun garela esango dute batzuek, eta beste batzuek, berriz, benetan 250.000 besterik ez garela, zenbaki berberak hartuta». Ildo berean, euskararen aferan ikuspegi baikorra azaltzea tabu bilakatu dela aipatu du: «Esan behar da larrialdi egoeran dagoela, ez besterik». Aurre egin dio horri: «Euskaran, minbiziaren metafora ere badarabilte batzuek, eta ez nator bat. Esandakoa profezia bihurtzeko aukera baitago». «Euskaran, minbiziaren metafora ere badarabilte batzuek, eta ez nator bat. Esandakoa profezia bihurtzeko aukera baitago» JOSEBA ZULAIKA Idazle eta antropologoa Generoaren 'impasse'-a Zulaikak azaldu duenez, gizartea harmonia orokorrean erakusteko joera du antropologoak; baita transmisioa altxor baten pare definitzekoa ere. Alta, horri ere arrakalak eta impasse-ak sortzen zaizkiola esan du, eta alardea jarri du horren adibide. Autorearen arabera, ez lirateke impasse-a eta antagonismoa nahasi beharko: «Impasse-an ez zaude borrokara behartuta, ezpada beste aldean dagoenari begiratzera». Haren irakurketaren arabera, «feminismoak, gizonezkoen antzerki horretan parte hartu nahi zuela erronka bota zuenean, antagonismoa eragin zuen gizonengan: 'Haiek irabaziz gero, guk galdu', ulertu zuten». Antagonismoak batez ere politikaren esparrukoak direla azaldu du: «Gure belaunaldian ez zegoen impasse-rik, borroka izan da dena». Gramsciren lana «inbokatuz», zera argitu du Zulaikak: «Impasse garaian garela esatea hegemoniaren krisian bizi garela esatea da». Tradizioko subjektu irmoak —abertzale, sozialista, kristau...— ahuldu direlarik, subjektu berriak proiektu aurrerakoiagoetara molda litezkeela uste du. ... Berria 16 hr
Erizainak hobeto aitortzeko eskatu dio SATSEk Jaurlaritzari CC BY-SA  — Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erizainak biltzen dituen SATSE sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Gurutzetako ospitalearen aurrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko erizainak hobeto aitortu ditzatela. Amaia Mayor SATSEko idazkari nagusiak salatu du Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak ez dutela «benetako aurrerapausorik» eman erizainen kolektiboari dagokionez. «Prebentzioaz eta zaintzaz ari gara etorkizuneko euskal osasun sistemaren zutabe gisa, baina eredu erabat medikalizatua ikusten jarraitzen dugu», adierazi du Mayorrek. Kezkatuta daudela erran du. «Urteak daramatzagu elkarlaneko preskripzio gidak eskatzen, funtsezkoak baitira erizainek segurtasun juridikoarekin lan egin ahal izateko». Horien bidez, «ezin hobeto kudeatu» ditzaketen egoeretarako ez lukete sendagileen esku hartzeen «mende» egon beharko, Mayorren hitzetan. Legegintzaldia hasi eta hiru hilabetera Osakidetzak oraindik erizaintzako zuzendariordetza izendatu ez izana ere deitoratu dute. «Gainera, erizain gehiago falta dira Osakidetzako egituretan ardura postuak betetzeko», gaineratu du Mayorrek. Eguneroko lanean erizainen erabateko jarduna bermatzeko tresnarik ez dagoela ere nabarmendu du sindikatuak. ... Berria 17 hr
Anoetan zauritutako andrearen auzibidea zabaltzeko agindu du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak CC BY-SA  — Aurtengo martxoaren 5ean, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Amaya Zabarte gipuzkoarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, gerora zabaldu ziren gertaera horretako irudi batzuek erakutsi dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean. Zabarte sakelakoarentzako telefono seinale bila zebilen Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estu horretan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina, azkenean, ospitaleratu behar izan zuten, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion. Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen, ez zutelako argitu nork egin zuen. Orain, ordea, auziak bigarren aukera izango du, eta, BERRIAk jakin duenez, epaileak ikerketa bat abiarazi beharko du egun horretan gertatutakoa argitu dadin, hala agindu baitio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Familiaren abokatu Iker Sarriegik helegitea jarri zuen, gerora zabaldu diren irudi argigarriak eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Bada, gaur jakin da Anoetako auziaren salaketa berriro zabalduko dela, nahiz eta ebazpen hori orain bi asterako espero zuten aldeek. Epaile beraren esku Edonola ere, epaile berak gidatuko du ikerketa hori, eta, besteak beste, erabaki beharko du zein polizia erakundek ikertuko duen. Orain arte, Ertzaintzak kudeatu du auzia, eta Sarriegi abokatuak uste du hori ez dela «egokiena», azken sei hilabeteotan Ertzaintzak egindako lana ikusita. Izan ere, hark jarritako helegitean zehazki eskatu zuen beste polizia erakunde batek hartzea auzia kudeatzeko ardura, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hala gogorarazi dio Perez Asenjo epaileari. Alegia, esan dio horri buruz ere hautu bat egin beharko duela. Hala, Ertzaintzaren ordez, Espainiako Polizia Nazionalak har dezake Anoetako auzia, betiere epaileak hala erabakitzen badu. Familiak uste du auzia «oso argia» dela. «Badakit pilotakada bat eman zidatela», esan du egunotan Zabartek berak, hedabideetan. Familiak uste du auzia «oso argia» dela. «Badakit pilotakada bat eman zidatela», esan du egunotan Zabartek berak, hedabideetan. Biktimak «justizia» nahi du, eta «halakorik beste inori ez gertatzea». Zabarte ZIUan eduki zuten egun batzuetan, eta erietxeko ohiko gela batean pasatu zituen beste batzuk. Etxera joateko baimena lortuta ere, proba neurologiko batzuk egin behar izan ditu azken hilabeteotan, kolpeak buru barruan eragindako odol jarioak ondorio larriak izan baititzake. Zabartek berak kontatu du senitartekoen laguntzaz oraindik borrokan ari dela Ertzaintzaren oldarraldi horren aurretik zena berriro izateko. Errondo pasealekuan, Txapeldunen Ligako partida horren atarian, beste bi emakume zauritu zituzten, bat begian eta bestea bizkarrean, horiek ere Ertzaintzaren oldarraldian. Irailean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak ziurtatu zuen ezin dela esan Zabarte foam jaurtigai batek zauritu zuela. Nabarmendu zuen emakumeak ez zuela esan ostiko bat eman ziotela Anoetako estadioaren kanpoaldean, Ertzaintza oldartu ondoren larri zauritu zutenean. ... Berria 17 hr
Emakume ikerlariak omendu dituzte Jaurlaritzak eta Ikerbasquek CC BY-SA  — Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek emakume ikerlariak omendu dituzte Bilbon egin duten ekitaldi batean. Zehazki, Carmen Gonzalez, Amaia Zipitria eta Amaia Arranz ikerlariak nabarmendu dituzte. Juan Ignacio Perez Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidenteak egin die aitortza. Adierazi dutenez, emakume ikertzaileen lana ikusaraztea da ekinaldiaren helburua, ikertzaileen belaunaldi berrientzat «eredu eta inspirazio» izan daitezen. Horregatik, aipamen berezia egin diete ere zientziari ekarpen berezia egin dioten Euskal Herriko bost ikertzaile gazteri. ... Berria 17 hr
Orkestraren arabera, emakumeen eta atzerritarren lan indarra «desaprobetxatuta» dago CC BY-SA  — EAEko ekonomia ez da behar bezala aprobetxatzen ari emakumeen eta atzerritarren lan indar edo gaitasuna, eta horrek oztopatu egiten du hemengo ekonomiaren garapena eta gizarte inklusioa. Hala ondorioztatu du Orkestra Deustuko Unibertsitatearen lehiakortasun institutuak bere urteroko txostenean. Gaur aurkeztu dute, Gasteizko Artium museoan. Gazteen egoerarekin ere kezkatuta agertu da, «talentu asko» ihes egiten ari delako, bereziki emantzipatzeko dituzten zailtasunengatik, etxebizitzen prezioengatik, eta soldatek, oro har, ez dutelako horietarako sarbidea ahalbidetzen. Egoera horiei erantzuteko, Orkestrak emakumeak, atzerritarrak eta gazteak lan merkatuan sartzea lagunduko duten mekanismoak abian jartzea proposatu du, besteak beste, trebakuntza programen bidez edo kanpoan lortutako tituluak homologatzeko prozesuak bizkortuz, migratzaileei kualifikazio handiagoko enpleguetarako sarbidea errazteko. Horrekin batera, adierazi du enpresetan belaunaldi erreleboa bultzatzeko politikak gehiago sustatu behar direla. Txostena aurkezteko egindako ekitaldian, Gasteizko Artium museoan, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak ohartarazi du biztanleria zahartu batek eta, jatorriari dagokionez, duela urte batzuetakoa baino «askoz ere askotarikoagoa» den gizarte batek, «ondorio garrantzitsuak» dituela EAEko ekonomiaren lehiakortasunean. «[Emakumeen, atzerritarren eta gazteen] integrazioa beharrezkoa da jarduera tasak handitzeko, belaunaldi erreleboa ziurtatzeko eta sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko». Zaintza eta soldata arrakala Generoak, jatorriak eta adinak EAEko ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunean zer eragin duten aztertu dute txostenean. Emakumeei dagokienez, ondorioztatu dute zaintza lanak direla lan merkatuan integratzeko eta beren ibilbide profesionala garatzeko aurkitzen duten oztopo nagusietako bat. James Wilson Orkestrako ikerketa zuzendariak zehaztu duenez, emakume landunek batez beste egunean ia bost ordu egiten dituzte seme-alaba adingabeekin; gizonek, ordea, egunean hiru ordu eta erdi inguru. Adinekoen zaintzarekin «antzeko zerbait» gertatzen dela gaineratu du. «Integrazioa beharrezkoa da jarduera tasak handitzeko, belaunaldi erreleboa ziurtatzeko eta sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko» MARI JOSE ARANGURENOrkestra institutuko zuzendari nagusia Jatorriari dagokionez, Wilsonek azaldu du atzerritarrak direla lan egiteko adinean dauden biztanleen %17 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gehien-gehienak piramide demografikoaren erdi-erdian daudela; alegia, lan egiteko adinik egokienetan. Hala ere, ohartarazi du enpresak ez direla haien lan indarra behar bezala baliatzen ari. Zergatik? Txostenean jaso dutenez, lan merkatuak migratzaileak «diskriminatzen» ditu; nagusiki, oinarrizko lanbideetan aritzen dira, eta, euskal jatorriko langileekin alderatuta, batez beste %34,3 gutxiago kobratzen dute. Orkestrako ikertzailearen arabera, beharrezkoa da pertsona horiek «prestakuntza sisteman ere integratzea, enpresen beharrekin bat etor daitezen». Gazteak atzerrira Txostenaren egileek gazteen egoerari ere erreparatu diote. Ikasketak amaitu ostean, Euskal Herriko gazte ugari atzerrira joaten dira, han lan baldintza hobeak eskaintzen dizkietelako, eta horrek eragin zuzena du hemengo ekonomiaren lehiakortasunean. Orkestraren arabera, soldaten alorrean ahalegin handiagoa egin beharko lukete enpresek. Ikerketan jaso dutenez, soldata arrakala %27,9koa da 25-34 urteko langileen eta 55 urtetik gorakoen artean. Horrek, ikertzaileen arabera, eragin zuzena du gazteek etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunean. Hala, ikerketak dio 2023an EAEn etxebizitza premian zeuden herritarren %83 emantzipatu gabeko 18 eta 44 urte arteko pertsonenak zirela. Susana Franco ikertzaileak azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ongizate maila handia da, baina zenbait alderdik arreta berezia eskatzen dute, «benetako ongizate inklusiboa lortzeko». Antzera mintzatu da Ivan Marten Orkestrako presidentea. Hemen bizi diren «pertsona guzti-guztien gaitasunak» aprobetxatu behar direla azpimarratu du. «Aniztasunaren kudeaketa estrategikoa egiteak adin, genero eta jatorri guztietako pertsonen gaitasunak garatzea eta pertsona horien parte hartzea erraztuko duten ekimenak bultzatzeak eragin positiboa izango du berrikuntzan, produktibitatean eta lehiakortasunean». Zifrak %18,1 Enpresen errentagarritasuna. Orkestra institutuaren adierazleen panelaren arabera, 2023an ekonomia eta enpresa sistemarekin loturiko adierazle guztiek bilakaera positiboa izan zuten: enpresen errentagarritasunak gora egin zuen (%18,1), langile bakoitzeko lan kostuek behera egin zuten (-%2,62) eta produktibitatea hobetu egin zen (%4,9). Langabeziak ere behera egin zuen (-%12,1). -%1,7 Herritarren ongizatea. Ongizatea neurtzen duten adierazle batzuek okerrera egin zuten: adibidez, bizitzarekiko gogobetetasunak (-%1,7). Etxeetako errentaren medianak ere bigarren urtez jarraian behera egin zuen (-%2,4), eta pobrezia energetikoa handitu egin zen (%23,6). ... Berria 17 hr